Bitor ALONSO
Bilbao BBK Live

MUSE BERE MUSIKA BAINO GEHIAGO DA, IKUSKIZUN ERRALDOIA DA

TALDE BRITAINIARRAK EZ ZUEN HUTSIK EGIN ETA KONTZERTU SOIL BAT BAINO IKUSKIZUN AUDIOBISUAL EDERRA ESKAINI ZUEN BILBON, MILAKA ENTZULEREN AURREAN. JAIALDIKO TALDE GARRANTZITSUENA ZEN. BERAIEK ERE BAZEKITEN ETA NEURRIA ONDO EMAN ZUTEN.

Astelehena da eta Kobetamendin izan ziren askok sentsazio bera izango dute oraindik. Larunbatean ikusitakoa ez zen kontzertu soil bat izan. Muse-ren emanaldia gehiago ere izan zen: ikuskizun audiobisuala. Eta ez nolanahikoa, gainera.

Britainiarrak atzerapenarekin igo ziren taula gainera, zirimiriak entzuleak busti bitartean. Hala ere, inork ez zuen handik alde egin. Bakoitzak bere lekuari eutsi zion. Bazekiten zetorrena handia izango zela. Oso handia.

Pantaila erraldoietan sarjentu batek aldarri egin zien entzuleei. Horrela hasi zen musika eta bideoa uztartu zituen ikuskizuna. Militarra isilarazi zuen bakarra Matthew Bellamy-ren gitarra zaratatsua izan zen.

“Psycho”, “Supermassive Black Hole”, “The Handler”, “Plug In Baby”, “Dead Inside”, “Resistance”, “Time Is Running Out” (House Of The Rising Sun)... “Knights Of Cydonia”. Jo zituzten abesti arrakastatsuen zerrenda luzea egin genezake, baina ez luke zentzu handirik izango. Entzuleari berdin zitzaion. Edozein abesti hasi orduko zoramena zen nagusi. Konfeti zuri-gorrien jaurtiketarekin bukatu zen jai erraldoia. Diogun bezala, Muse ez da musika kontu bat soilik. Ondo baino hobeto neurtutako ikuskizuna da.

Muse efektua

Jende asko Kobetamendira Muse ikustera igo zela gauza jakina da, baina horren ondorioak kontzertua baino lehen eta gero antzeman genituen. Adibidez, Of Monster and Men-ek kontzertu ederra eman zuen. Britainiarrek baino ordu pare bat lehenago jo zuten eta jende asko bildu zen “Crystal”, “Little Talks” eta beste hainbat abesti famatu entzutera. Deigarria honako hau: kontzertua bukatutakoan ia inor ez zen mugitu. Bazekiten handik ordubetera Musek jo behar zuela. Nahiago zuten, beraz, ordubete agertoki aurrean zutik itxaroten ematea lekua galdu baino.

«Muse efektua» gero ere sumatu zen. Emanaldia bukatzearekin batera, asko izan ziren zuzenean autobusetarako bidea hartu zutenak eta ilara luzeak sortu ziren. Beste batzuek, aldiz, aurreko egunetako parranda nahikoa ez eta goian gelditzea erabaki zuten. Delorean talde zarauztarraren erritmo dantzagarrien konpainian gelditu ziren asko. Bejondeiela astelehen gogor honetan.

Horrela bukatu zen aurtengo Bilbao BBK Live. Arrakasta nabaria izan da. Hiru egunetan sarrera guztiak agortu dira. Jende andana bildu da Kobetamendin egunotan, hamar urte bete dituen musika jaialdian. Urte hauetan zehar entzule mota aldatu da eta asko atzerritik etorriak dira orain. Gero eta gehiago dira, gainera, kanpatzeko gunean lo egiten dutenak. Antolatzaileek ere, beraz, zenbait gauza aldatu behar izan dituzte. Aurten, esaterako, aipagarria izan da egunean zehar garbiketa lanetan ibili direla. Lehen goizaldera arte pilatzen zen zaborra. Orain ez. Eta hori eskertzen da. Izan ere, batzuetan, hainbeste kontzerturen artean, ahaztu egiten dugu natur ingurune batek egiten diola tokia musikari.