Euli izurritea etengo duen neurriaren zain jarraitzen dute Olatz auzoan
Mutrikuko bizigune honetan aspaldiko arazoa da euli izurritea, baina azkenaldian egoera «jasangaitza» bihurtu dela diote baserritarrek, «lasai bizi» ezin izateraino. Jatorria bertan dago, 40.000 animalia dituen bisoi haztegian. Udalak neurri zorrotzagoak iragarri ditu.

Geoparkearen bihotzean kokatuta, paisaia ederrek inguratzen dute Mutrikuko Olatz auzoa. Inguruaz, ordea, bizilagunek ezin dute gozatu aspalditik baina, bereziki, azken asteetan «jasangaitza» bihurtu den euli izurrite batengatik. Jatorria, inguruko baserri kaltetuek salatu dutenez, 1989. urteaz geroztik bertan dagoen bisoi haztegia da, North Spain High Mink S.A.T. izenekoa. Estimazioen arabera, 40.000 animalia inguru daude eta sortzen diren hondakinak, tamainakoak dira, baita kiratsa ere.
Erakundeetatik «hitz politak» entzun bai baina «irtenbiderik» eman ez zaiela ikusita, hedabideetara jotzea erabaki dute Olatz Goikoako auzotarrek –auzoa bitan banatuta dago eta goikoei eragiten die bereziki–.
Iturritxa baserriko Ugaitz Mugertza da kaltetuetako bat. Haztegia etxetik ehun metrora du. Azaldu duenez, arazoa aspaldikoa den arren, «urtetik urtera okertuz» doa. Sasoi txarrena hilabete beroenak direla dio: udaberrian eta bereziki udan, baserrietako leihoak itxita dituzte «gau eta egun eta, hala ere, etxera sartzen dira, sukaldera, janaria bota behar izateraino», salatu du.
Jatorria zein den argitzeko, orain bi aste bisoi haztegiaren inguruan azterketak egin zituen biologo batek eta euli larbak topatu zituen. Inguruko zuhaitzak ere bota dituzte, baina egoera ez da arindu.
Azken asteetan hedabideetan atera izanak ez daki eragina izan duen ala ez, baina aurreko astean hiru hilabetean lehenengo aldiz kamioi bat bertaratu zen garbiketa lanak egitera. Hala ere, nahikoa ez dela uste dute bizilagunek eta sinadura bilketa abiarazi dute udaletxera eramateko.
«Gure etxean lasai bizi nahi dugu, baldintza duinetan, osasuntsu, eta inguruaz gozatu. Hori besterik ez dugu eskatzen», esan du Mugertzak.
Irtenbidea bilatzeko bilerak
Udalak egoera honetan izan duen jarrera ere kritikatu dute bizilagunek. Iragan astean azken analisia egin bazuen ere, aurrekoa joan den martxokoa da, iturri berberek diotenaren arabera. Azterketak maiztasun handiagoz egin ezean, egoeraren jarraipen egokia egitea «ezinezkoa» dela uste dute.
Hain justu, aurreko ostiralean, uztailaren 9an, bilera egin zuten Udaleko politikari eta teknikariek, Lakuako Ingurumen eta Osasun sailek, Gipuzkoako Aldundiko Nekazaritza sailak eta Basa Fauna eta Flora saileko teknikariek. Udalak GARAri azaldutakoaren arabera, arazoari irtenbidea «epe motzean» ematea «berehalako lehentasuna» da. Horretarako, besteak beste, neurri zorrotzagoak eskatu dizkiote bisoi haztegiari eta «horiek betetzen dituela ziurtatzeko jarraipena» egingo du Udalak. Bileraren ondoren, teknikari guztiek bisita egin zuten haztegira.
Bertatik egunkari honi azaldutakoaren arabera, izurriteetan aditua den pertsona bat kontratatu dute eta honek ez du larbarik aurkitu, baina egoera konpontzeko beren esku dagoena egingo dutela adierazi dute.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
