Maider Eizmendi
Kazetaria
IKUSMIRA

«Ezetz ezetz da»

Ez du ez azalpenik, ez eta justifikaziorik ere behar; tonua edozein dela ere, esanahirik ez du galtzen; ahotsik altxa gabe ere esan daiteke, ahoskatzeko egin behar den keinuak ez duelako nahasmenerako aukerarik ematen. «Ezetz ezetz da», beti. Baina bada oraindik zoritxarrez ulertu, entzun edo ikusi nahi ez duenik.

Oraindik diot, jaietan eremu askeak eraikitzearen aldeko eta indarkeria sexistaren kontrako kanpainak kalera irten eta gero, hedatuago daudela uste dudalako. Sanferminen azken txanpan sartuak dauden Iruñeko kale eta hormek ere oihu horren bozgorailu egin dira egunotan, bertatik iristen diren argazkietako batean baino gehiagotan ikusiko dudalako «no es no» dioen pintada hormetan. Kale haietatik iritsi da, ordea, indarkeria sexistaren azken oihartzuna. Gora Iruñeak salatu duenez, mutil batek jai giroko anabasari probetxu atera zion 19 urteko emakumeari tabernako komunean erasotzeko eta ez zetorrela ikusita bere bi lagunek atera behar izan zuten bertatik, atean erasotzaile egiten dituen jarrerarekin zeuden beste bi lagunak bidetik kenduta. Emakumeak jada salatu ditu.

«Intentsitate baxuagoko» erasoak ere izan direla salatu dute, salaketa formalik jaso ez baina jai eremuan erabat aske sentitzea eragozten duten irain eta ukituak.

Gertaera eta jarrera horiek salatzeko, elkarretaratzeaz harago, tabernetako bozgorailuak itzaltzeko gonbita egin dute. Protesta egiteko, bai, baina agian entzungor agertzen diren horiek hobeto ulertu, entzun edo ikusteko ere balioko du. Belarrira oihukatzeko: «Ezetz ezetz da!»