GARA
DONOSTIA

Mondragoneko salmentak iaz %1,4 jaitsi arren, ia mila enplegu gehiago sortu ziren

Mondragon Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak 10.985 milioi eurora iritsi ziren salmentetan 2014. urtean, aurrekoan baino %1,4 gutxiago. Guztira 74.117 langile ari dira korporazioan eta industria kooperatibek ia mila enplegu gehiagorekin bukatu zuten urtea.

Mondragon Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak 10.985 milioi eurora iritsi ziren salmentetan 2014. urtean, aurrekoan baino %1,4 gutxiago, termino bateratuetan. Inbertsio zifra nabarmendu zen, 345 milioi eurora iritsi baitzen oro har, eta Ebitda bateratua 1.168 milioi eurora heldu zen, hau da, salmenten bolumenaren %10,6.

«Magnitude horiek, eta aurtengo lehen seihilekoak erakutsitako portaera onak konfiantza eta baikortasuna dakarte korporaziora, nazioartekotze maila altuari esker eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiten ari den apustuari esker», adierazi dute Mondragoneko arduradunek.

Halaber, enplegu maila mantentzea lortu du, guztira 74.117 pertsona ari baitziren kooperatibetan 2014an, aurreko urtean baino %0,1 gehiago. Zehazki, industria kooperatibak nabarmendu ziren, oro har aurreko ekitaldian baino 957 enplegu gehiagorekin amaitu baitzuten urtea (657 barne merkatuan eta 300 atzerrian).

Gainera, urtean zehar areagotu egin zen Fagor Etxetresna Elektrikoen krisiak eragindako bazkideentzat irtenbideak bilatzeko kudeaketa. Gaur-gaurkoz, guztira 1.700 bazkideri eman zaie irtenbidea, erretiro eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, batez ere, beste kooperatiba batzuetan bazkideak birkokatuz.

Horrela, Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetan emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria arloaren balantzea jakin da. Mondragoneko kooperatiba industrialek 31.736 langileri eman zieten okupazioa, eta 2014aren amaieran fakturazioa 4.754 milioi eurokoa izan zen, eta emaitzak 191 milioi eurokoak (aurreko urtean baino %80 hobeto). Gainera, aurreko urtean 247 milioi euro inbertitu ziren industria kooperatibetan.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko Industria arloaren %71 dira. Ildo horretan, aurreko urtean ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Txina, India, AEB, Mexiko eta Brasilen, eta, ondorioz, dagoeneko 125 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago).

Gainera, Industriaren eremuan Estatu espainoleko merkatua suspertzen ari dela egiaztatu da, azken urteetan lehendabiziko aldiz, salmentak handitu egin baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta (%1,7), 1.400 milioi eurora iristeraino.

Etorkizuna

Javier Sotil Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak «konfiantzazko mezua» helarazi du etorkizunari begira. «Kudeatzeko eta berritzeko ahalmenak negozio lehiakorrak sustatzeko, konpromiso kolektiboak eta kooperatiben arteko elkartasunak aurrerantz bultzatuko gaituzte», adierazi du presidenteak. Azaldu duen nahia da 2014 «inflexio puntua» izatea ekonomia suspertzeko etapa berri baterantz, «batez ere ekonomia europarrari, espainiarrari eta euskaldunari dagokionez», eta konfiantza erakutsi du Mondragonek enplegu sorreraren arloan azken ekitaldiko erritmoa mantenduko duela.