GARA
VILLABONA-amasa

Billabonatarren babes handia jaso du Remi Gogoan ekimenak bere salaketan

Urtero moduan Remi Ayestaran Villabona-Amasako alkateorde zenari omenaldia antolatzeko prestaketa lanetan ari zirela, harridura eta haserrea eragin zien albistea jaso zuten Remi Gogoan ekimeneko lagunek: udal gobernu berriak ekitaldia jai egitarautik kentzeko erabakia hartu zuen, aldebakarrez, inori ezer esan gabe, jai batzordean onartutakoaren kontra eta alkate dekretuz. Ezin sinetsita eta arduratuta geratu ziren. Are gehiago, atzo oraindik ez zuten jasoa Udalaren inolako jakinarazpenik. Hori salatzeko, prentsaurreko jendetsua egin zuten Remiren izena daraman ibilbidean.

Ehunka lagun bildu ziren eta ekimeneko kideak oso-oso gustura zeuden billabonatarrek emandako babesarekin. 2009ko uztailaren 31n udal hautetsi gisa lanean ari zela bihotzekoak jota hil zen gaztearen anaia ere bertan izan zen, eta heldu den asteleheneko, uztailaren 20ko, Udaleko Osoko Bilkuran familiak egoera salatzeko eta taldeei beren jarrera azaltzeko eskatzeko mozio bat aurkeztuko duela iragarri zuen.

Ekimeneko ordezkari batek aldarrikatu zuen aurten ere, uztailaren 31n Remiren izena eta izana gogoratzeko ekitaldia gauzatuko dutela, inori ez diotelako ahanzturara eramaten utziko.

Besterik ez, gutxiago ere ez

Oroitu zuenez, 2009ko uztailaren 31n «herriak aukeratutako ordezkari gisa ari zen lanean, jai gunean Ertzaintzaren presentziak eragiten zuen tentsioa harago joan ez zedin eta jaiak bakean amaitu zitezen. Baina ez zioten utzi! Bihotza leherrarazi zioten! Zer gutxiago, beraz, jaien barruan, egitarau ofizialaren baitan, haren ahalegina oroitu eta herri honen alde egin zuen lana omentzea baino?».

Adierazi zuten eurek ez dutela urteotan mendeku gosez jokatu, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa eskatu dituzte, «besterik ez, baina gutxiago ere ez». Horregatik EAJko udal taldearen jarrera gogor salatu zuten, zauriak itxi eta herri honek etorkizunera begiratzeko bidean hartu duen erabakia traba baino ez dela uste baitute.

Remiri honako hitzak esan zizkioten: «Zureganako maitasuna zenbaterainokoa zen argi geratu zitzaigun, liburua idatzi genuenean edo urtero omenaldia prestatzean laguntza eske joaten garenean. Baiezkoa ematen digute berehala, muxu truk. Herritik sortutako ekitaldia baita, herriak zuri eskainitakoa».