Ibaiko estropada gogorrak Orion eta Portugaleten
Erlojuaren aurka arituko dira gaur traineruak Orian, korronteei adi. Bihar Ibaizabalen kalea izango da arazo.

Antzekotasunak eta desberdintasunak, bietatik aurkitu daitezke San Miguel eta Euskotren Ligek asteburuan izango dituzten estropadetan: Orioko Estropadak gaur Orion (17.30) eta Ambilamp Bandera bihar Portugaleten (12.00, Kaikuk antolatuta). Bi estropadak Euskal Telebistak eskainiko ditu zuzenean.
Antzekotasun nabarmenena, bi probak ibaian jokatuko direla, ur axaletan, Orion bigarren urtez ibaian antolatu baitute bertako hitzordua. Arraunlariek errespetu berezia izaten diete mota honetako estropadei, gogortasun berezia izaten baitute, eta esan daiteke denboraldiko aurrenekoak izango direla –Galiziako itsas-adarrek sakonera handiagoa izaten dute–.
Gainera, bai eremu batean zein bestean korronteak zeresan handia izango du. Gaur Orion marea igotzen ariko da estropadaren orduan, beraz pentsatzekoa da joaneko luzeetan korrontea alde izango dutela, eta itzulerakoetan kontran. Bihar Portugaleten, berriz, oso behean harrapatuko dute marea, eta ibaia oso ur gutxirekin.
Hori kontuan izanda, desberdintasun nabarmenena estropadaren formatuan egongo da. Oriokoa erlojupekoa izango da, eta horrek, gutxienez txanda bereko ontziek baldintza berdintsuetan arraun egitea ahalbidetuko du. Bihar, ordea, lau kaleko txandetan irtengo dira traineruak, eta goizeko 10.00 aldera La Benedictan egingo den kale zozketak berebiziko garrantzia izango du.
Neskak, berdinketak haustera
Asteburua gaur arratsaldean hasiko da Orion Euskotren Ligako hirugarren jardunaldiarekin: III. Orio Kanpina Bandera egongo da jokoan. Aurreko asteburuan zehaztuta geratu zenez, Zumaia, Hibaika eta Orio izango dira Pasai Donibaneri aurre egingo dioten hiru ontziak. Hori bakarrik ez, San Pedro eta Donostiako estropadek sailkapen nagusiko lehen puntuak ere banatu zituzten, eta oraingoz emozio gehiago ezin da eskatu. Zumaia eta San Juan zazpi puntura berdinduta daude lehen eta bigarren postuetan; Orio eta Hibaika, aldiz, hiru punturekin dira hirugarren eta laugarren postuetan. Gaur desegingo dira bi berdinketak.
Ondoren, San Miguel Ligako seigarren jardunaldia hasiko da: XXV. Orioko Estropadak. Sailkapenaren arabera egindako txandetan, Samertolameu, Portugalete, Zierbena eta Astillero irtengo dira lehen txandan; San Pedro, Kaiku, Pasai Donibane eta Cabo bigarrenean; Tiran, Orio, Urdaibai eta Hondarribia hirugarrenean.
Sailkapen orokorra zehazten hasia da jada, eta Hondarribia liderrak zortzi puntuko aldea ateratzen dio Urdaibai bigarren sailkatuari. Behean ere, Meira zuloan geratzen ari da eta Portugalete azken-bigarren postuan. Orio, Tiran eta Cabo, ordea, bi puntuan dira; Kaiku, San Pedro eta Astillero hiruan.
Beste lau estropada KAE Ligan
Asteburu bete-betea dator KAE Ligako bi multzoetan ere, bakoitzean bi estropada jokatuko direlako. KAE-1 Ligako hamabi ontziak Pedreñara doaz gaur, 18.00etatik aurrera X. Marina de Cudeyo Bandera lehiatzera. Estropada arrunta izango da, eta bertan Getaria eta Zumaiaren arteko borrokak aurrera segitzea espero da. Getariarrek hiru garaipen pilatu dituzte orain artean, eta Zumaiak bi, baina Ondarroa gertu izan dute azken estropadetan eta gertutik jarraitu beharko da bizkaitarren lana. Bihar Oriora hurbilduko dira, VIII. Bixigu Eguna Ikurrinaren txanda izango baita, 18.30ean hasita. Kasu horretan erlojuaren aurka ibili beharko dute borrokan bakarka.
KAE-2 Ligari dagokionez, gaur, 16.30ean, XXVII. Plentziako Estropada jokatuko da, eta bihar, 12.30ean, Errenteria Hiria III. Ikurrina, azken hau Pasaian erlojuaren aurka. Brontzezko mailan Castro jarri zen lidertzan, aurreko asteburuan jokatutako bi estropadak irabazi ostean.A.A.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
