GARA
GASTEIZ

Frackanpada gaur amaituko da, produktu ekologikoen azokarekin

Astebetez Subillan egon ostean, frackingari buruzko gogoetak Gasteizera eraman zituzten atzo goizean hasitako martxa batekin. Salaketa egiteko aukera Frackanpadan parte hartutako pertsonei ez mugatzea zen bisita honen helburua. Amaiera emateko, gaur azoka egingo dute.

Pasa den astelehenean hasi zuten erregai fosilak lortzeko haustura hidraulikoaren teknikaren kontra antolatutako kanpaldia. Bertaratutakoen ustez, «aste emankor, sakon, atsegin eta interesgarria» izan da, eta gaur amaituko da.

Nahiz eta Frackanpada Subillan egin duten, atzo martxa bat egin zuten Gasteizera, ekimenean parte hartu ezin izan dutenek ere beraiekin bat egin zezaten. 09.30ean abiatu ziren hiribururantz eta bidean lagunak gehitzen joan zitzaizkien. Eguneko une garrantzitsu bat izan zen arte herrikoiaren bidez eta Land Art dinamikari jarraituz harrizko eguzki-lore bat osatu zutenekoa. Gasteizen eguna eman ostean, Subillara itzuli ziren, bertan azken eguna pasatzeko.

Iluntze partean euri zaparrada galanta bota zuen, Subillako kanpalekua lokaztuz. Gauerako Astalapo, Esne Beltza eta Tea Party taldeen kontzertuak zeuden aurreikusiak.

Azken txanpa

Gaur egun laburra dute aurretik, aurreko egunekin konparatuta. Izan ere, 11.00etan hasi eta 14.30ak bitartean, produktu ekologikoen azoka egingo dute. Ekoizle eta nekazariekin batera artisauak arituko dira lanean euren eskulanak saltzen eta beren langintzaren erakustaldiak egiten. Bitartean, herri kirolak egingo dituzte, eta nahi duenak parte hartu ahalko du. Dantza herrikoiak ere izango dira.

Eguerdian bazkaria egingo dute, eta horren ostean itxierako batzarrean aste osoko ondorioak bilduko dituzte. Badute zer esan, zeren egun hauetan mahai-inguruak, tailerrak, hitzaldiak eta osoko bilkurak antolatu baitituzte. Era berean, jendea ezagutzeko aukera bikaina izan da parte-hartzaileentzat.