Ez dago etapa erosorik
Igande bazkalostean telebista piztu dugunean, azken kilometroetan sartuta zegoen etapa. Halako perfila duten etapetan ematen du lasterketa eroso joaten dela denentzat. Ihesaldiko lagunak erritmo erregularrean erreleboak emanez aritu ohi dira eta, atzean, esprinterren taldekideak tropelburu jarrita, ihesaldia kontrolatu nahian jarduten dute, denak batera iritsi eta azken 200 metroetan azkarrena denak etapa poltsikoratzeko.
Baina ez da horren sinplea; galde diezaietela bestela ihesaldiko partaide izateko erasoan ibili eta lehertuta protagonismo gabe geratu direnei edo, esprint horretara iritsi ahal izateko etapa hasierako portuak tropeletik atzera ez gelditzeko sekulako esfortzua egin behar izan duten gizon azkar eta berauen taldekideei.
15. etapa izan da gaurkoa eta neke handia dute pilatuta txirrindulariek dagoeneko. Ez dute egun bakar bat ere izan lasaitasun tartetxo bat hartzeko eta, indarrak justu egon arren, denek dute buruan ihesaldiren bat helmugaraino irits daitekeela, eta beraz, indarrak ez dauden lekutik ere ateratzen saiatzen dira. Bestalde, esprinterrek ere badakite Parisko azken egunean izan ezik, besteetan ezer gutxi dutela egiteko. Hori dela eta, ihesaldi ahaleginak etengabeak dira eta esprinterren taldeen kontrol lana ere zurruna izaten da. Honek eraginda, 46,5 km/h-ko batez besteko abiaduran egin dute gaurko etapa; beraz 200 m-ko esprinta izan beharrean, 200 km-koa izan dela esango nuke.
Behin Tourraren hirugarren astean sartuta, konturatuko zineten beti jende antzekoa talde antzekoetan ikusten dela. Ihesaldietan elkartzen diren gizonak berdintsuak izan ohi dira, baita mendiko etapetan onenen taldetxo murritza geratzen denean ere, egunero antzekoak izaten dira elkarren alboan. Taldeburuen kideak tropeletik tiraka ez bada, beraien lana egin ondoren atzeko grupetoan elkartzen dira berriz ere. Talde ezberdinetako esprinterrak etapa lauen azken metroetan mokoka ikusten ditugu, edo mendiko etapa gogorretan kontrolaren barruan helmugara iristeko elkarlanean. Azken finean, antzeko ezaugarriak edo indarrez parekatu samar dauden txirrindulariak ondo samarrean egoten dira tropel barruan egunez egun.
Geratzen diren azken etapa hauetan Alpeak zeharkatu beharko dituzte. Sailkapen nagusian aurrean egon nahi dutenentzat zein etapa garaipenen lehian dabiltzanentzat egun zailak izango dira. Halere, Parisera heldu nahi dutenentzat ere ez da batere ibilbide gozoa izango eta kontrolak ezartzen duen denbora tartean helmugaratzeko gogotik sufritu beharko dute.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años

Un vídeo prueba el disparo directo a Iker Arana, que perdió un testículo
