San Sebastianek eta Aginagak joan den astean hasitako gose greba utzi dute
Hodei Ijurkoren bakartzea salatzeko abiatutako gose greba utzi dute Mikel San Sebastianek eta Ibai Aginagak. Bestalde, Pedro Cano eta Oskar Zelarainen lagunak bisita gabe gelditu ziren matxura baten ondorioz berandu iristeagatik funtzionarioek baimena ukatuta.
Osasun arazoak direla-eta, A Lamako espetxean dauden Mikel San Sebastianek eta Ibai Aginagak moduluko kide zuten Hodei Ijurkoren bakartze egoera salatzeko abiatutako gose greba utzi dute.
Bestalde, Etxerat elkarteak jakinarazi zuenez, Pedro Cano eta Oskar Zelarain presoen lagunei bisita ukatu zieten funtzionarioek. Larunbatean Castello I-era zihoazela, autoa matxuratu zitzaien Calamocha (Teruel) inguruan eta ondorioz ordu erdiko atzerapenarekin iritsi ziren espetxera. Presoen senide eta lagunen elkarteak azaldutakoaren arabera, kartzelako funtzionarioek sarbidea galarazi zieten, eta lagunek bisitaren atzerapenaren zergatia azaldu zieten arren, Euskal Herrira bueltatu behar izan zuten presoak ikusteko aukerarik gabe. Horrez gain, horietako batentzat zeramaten paketea sartzea ere ukatu zieten.
Zigor Blanco eta Andoni Murgaren senideek ere matxura izan zuten larunbatean.
«Euskal preso politikoen senide eta lagun bezala gure eskubideen ukapena dakarren erdeinu honekin nekatuak gaudela adierazi behar dugu. Ez dugu etsiko gure eskubideak onartuak izan arte. Gaur egun, horrelako adibideek erakusten duten bezala, ez baitituzte aintzat hartzen», salatu zuen Etxeratek.
Seme-alaben eskubideak
Gaur arratsaldean Eider Perez eta Jon Solana presoen semeak gurasoak espetxe ezberdinetan sakabanatuta izateagatik horiek ikusi ahal izateko egin behar izaten dituen bidaia luzeak salatuko dituzte Errenterian, “Presoen seme- alaben eskubideak urratzen dira” lemapean egingo duten talde argazki batekin. Aurreko urtera arte aita eta ama batera bisitatzen zituen zazpi urteko semeak, 2014an Solana Kordobatik Sevillara eraman zuten arte.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
