Maialen ARRATIBEL
gasteiz

Antolatzaileek arrakastatsutzat jo dute Frackanpadan igarotako astea

Igande arratsaldean amaitu zen Frackanpada, astebetean Subilla Gasteiz kanpaleku bihurtu ondoren. Aldarrikapenez eta hausnarketez blai, balorazioa egiteko ordua ere iritsi zen. Antolatzaileen esanetan, haustura hidraulikoak «aurkari asko» dituela frogatu du ekimenak.

Igande arratsaldean eman zioten amaiera frackingaren aurkako aste «emankorrari». Ehun hizlari baino gehiago eta 300 lagunetik gora bildu ditu Subilla Gasteizen egindako Frackanpadak. Agur esan eta nork bere bidea hartu aurretik, ordea, izan zuten zerekin gozatu. Goizean goizetik produktu ekologikoen azoka egon zen, artisauen azokarekin batera. Geroago, herri-kirol parte hartzaileak zein herri dantzak aukeran; ez zen aspertzeko tarterik izan.

Bazkaldu eta gero, itxierako batzarrean elkartzeko unea iritsi zen; hain zuzen, balorazioa egin eta ondorioak ateratzekoa. Mikel Otero Fracking Ez Araba plataformako bozeramaileak azaldu duenez, «oso positiboa izan da ikustea zenbat jende» batzen duen ez fracking zundaketen aurkako borrokak soilik, baizik eta «lurraren aldeko defentsak orokorrean».

Elkarlana helburu

Frackingaren aurka lanean diharduten gertuko taldeekin elkarlana «erraztu eta bideratu» dute kanpaldiari esker sortutako harremanek. Hala, etorkizunerako lan ildoak elkarrekin zehaztea lortu dute, eta Oterok adierazi du bide horri helduko diotela aurrerantzean.

Izan ere, joan den ekainean EAEn haustura hidraulikoa eragozten duen legea onartu zen arren, lanean jarraitzeko arrazoiak badirela argi utzi du Fracking Ez plataformak. «Hau borroka global bat da eta frackingarekiko beldurra oraingoz uxatu badugu ere, mamu hori beti izango dugu hor». Horregatik, ezinbesteko deritzo Estatu espainoleko mugimenduekin etengabeko hartu-emana izatea.

Oterok aitortu du «erronka handia» izan dela kanpaldia prestatzea, azpiegitura aldetik batez ere, baina, uste du jendeak ondo erantzun duela. Izan ere, egunero 500 lagun baino gehiago bertaratu izanak «erakusten du borroka ez dagoela lo».

Udazkenean hausnarketa sakonagoetarako tartea hartuko dute Fracking Ez-eko kideek, frackingaren aurkako ekinbideak zein norabide hartuko duen zehazteko. Azken urtea Legebiltzarrak haustura hidraulikoa onartu ez zezan lanean eman ostean, birplanteamendurako garaia iritsi zaiela uste dute.