Mikel Irizar, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari berria
Mikel Irizar (Ormaiztegi, 1954) Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusi izendatu du Gipuzkoako Aldundiak. Erakundeak nabarmendu duenez, ibilbide oparoa jorratu du tokiko euskarazko komunikabideen sustapenean. EITBko saioetan parte hartzeaz gain, Euskaltzaleen Topaguneko eta Tokikom tokiko komunikazio taldeko presidentea izan da.

Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusi izendatzea onartu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, aurreko egunean hala egingo zuela iragarri ondoren. Ormaiztegin duela 61 urte jaioa, ibilbide nabarmena jorratu du Irizarrek tokiko euskarazko komunikabideen sustapenean, foru erakundeak ohar bidez nabarmendu zuenez.
Irizarrek Kutxan egin du lan 2011. urtera arte. Bertan lan administratiboak egin ditu eta, 2009tik aurrera, gizarte ekintzaren esparruan aritu da. Aldi berean, Degagoiena eskualdeko hedabideen sorkuntza eta hedapenean berezitu da.
“Arrasate Press” aldizkariaren eta Arrasate Telebistaren hastapenetan zeregin garrantzitsua izan zuen ormaiztegiarrak eta, 1990ean, taldeko komunikabideak batu zituen Arrasate Komunikabideetako presidente sortzaile izendatu zuten. 1999. urtean Goiena proiektuaren arduraduna izan zen, eta horren ondoren, hortik eratorritako kooperatibako lehen zuzendari nagusia. Debagoieneko komunikabideak bateratzen ditu ekimen honek.
Aldi berean, ohiko kolaboratzailea da irrati eta telebistako solasaldietan, euskaraz zein gaztelaniaz. Besteak beste, “Mezularia” (Euskadi Irratia), “Boulevard” (Radio Euskadi) eta “Azpimarra” (ETB) saioetan hartu ohi du parte. Gainera, 2012-2014 aldian, Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan zen, baita Tokikom tokiko komunikazio taldekoa ere.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
