Edorta JIMENEZ

GERNIKA HAU EZ DAGO GERNIKAN

ZERBITZARIAK URTEAK ZIURTATU AHAL IZATEKO IDENTIFIKAZIO DOKUMENTUREN BAT ESKATU DIO. PASAPORTEA. ONDO DAGOELA ETA EA BADA ZER HARTU BEHAR DUTEN. GIZONEZKO GAZTEAK XINGOLA BI DARAMATZA. KALE HONETAKO LEKUETAN ALKOHOLA EDATEKO ESKUBIDEA DUELA BERMATZEN DUTE.

Bakarra nahikoa den arren, bi. Kolorez eta, ezberdinak. Bost horrek Gernika tabernako zerbitzariari. Gernika hau ez dago Gernikan. Atzoko edo auskalo noizkoa den hau ez da egungo Euskal Herria. Boisen ez dago bizarra erakutsiz adina frogatzerik. Ez eta kalean edaterik ere. Horixe, eta kalean porrurik erretzen ez dela, gaur iluntzean behintzat Hego Euskal Herrikoa den kale honetan nabarmengarriena. Baita hizkuntzarena ere. Ingelesa da nagusi.

Izena Grove duen kale labur honetan EAEko lehendakari jauna, Iñigo Urkullu ikusi dut. Pozik, itxuraz, eta apal, esango nuke, argazkirako paratzeko eskatu diotenei baietz esanik lotsaz bezala jarri izan baita. Ez dakit lehendakari tituluaren pisua hemen han baino historikoagoa denetz. Etorri egin da, horra. Beste batzuk ere etorri gara. Kalea betetzeko adina lagun. Nor bere zoroak bizi du eta, ez naiz inori bere zioez galdetzen hasiko. Gaur behintzat. Bihar, asteazkena, betebehar akademikoak ekarri dituenak adituko ditu eta, horiena bai arrazoia. Idahoko Estatu Unibertsitatean bilduko dira, “Joan Etorri // Going back and forth” gaiaren inguruan Basque Studies 2015 Symposium delakoan. Hona gonbidatu nauen William Douglass, honez gero Bill, bihar hitz egitekoa da.

Reno eta Boise arteko bidea elkarrekin egin dugu, bera gidari. Arratsaldeko sei eta erdietan “Death in Murelaga” idatzi zuen aldian Aulestin familia izan zuen harekin afaltzera joan da. Nik, ostera, Gernika tabernako solomoa ogi tartean piperrek lagundurik afaldu dut. Lekutan dira munduko Gernika guztiak, hau da hau solomoa! Gazteak adina nola ahalko nuke nik orain diodana frogatu. Solomo ederrak kontsolaturik, hotelera. Bill hunkiturik dago. Tarte guztiz ederra izan omen da.

Billek asteazken goiza nik baino arduratsuago hartu du. Telebistan kirolak txekeatzen. San Frantziskoko Giants-ek zer egin duten. Kostatu zait galdu egin zutela ateratzea. State Universityko atean ia aitortu du. Herriaren opioa hemen baseball delakoa da. Bada droga gogorragorik ere. Basque Studies delakoa bera, beharbada. Sarrera hitzak bertoko alkatearen anaiak esan ditu. Hiru edo lau euskaraz, gero ingelesez. Hortik aurrerakoak, ingelesez. Belarri asko izan dituzte, dituzte adi. Zenbait tartetan 210 belarri, buruak zenbatuz ondorioztatu dudanarekin bat. Buruetako batzuk, argiak, jakintzaz jantziak omen, frogak erakusteko tartea eman zaie.

Gizalegeak eskatzen duen hitza lehenik eta behin EHUko erretore Iñaki Goirizelaiari eman zaio. Bedi berak Mundurako nahi duen EHU hori. Hurrengo, Etxepare Institutuaren ordezkari, Mari Jose Olaziregi mintzatu da, ingelesez airos. Aizpea Goenaga izan du mahaian, proiekzioan irudiekin laguntzen. Eloisa Garmendia Chair sortuko dela iragarri dute. Bertoko unibertsitatean. Betor. Etorkizuna behar da eta. Bide batez, betor gure hizkuntza munduan zabaltzeko bideez hausnarketa zabala. Goiz honetan izan dugun giroan dena litzateke posible, gogoan izanik betiere arrastiko azken hizlariak, John Odiagak, esan duena. «Euskaldun bi diren lekuan hiru iritzi», aditzen omen zituen etxean zaharrak esaten. Eskerrik asko, John. Bihar, osteguna, mahai-inguru erakargarria dugu agindurik, dena gure esku dagoela frogatzen saiatuko zaizkigu. Boise sinbolikoki den Gernikan Boiseko Gernika tabernan atzoko gazteak ez bezala, hitzen heldutasunaren bidez erakutsiz garenaren adina.