HEGALIK GABE ERE, ESPARTIN HORIAK HEGAN EGITEN IBILI ZIRENEKOA
IZUGARRIZKO IKUSMINA SORTU ZUEN OSTEGUN ARRATSALDEAN, ESPAINIAKO ATEAN, OR KONPON ELKARTEAK, LEHEN ALDIZ, ANTOLATURIKO ESPARTIN JAURTIKETAREN TXAPELKETAK. HOGEITA HAMAR ELKARTEK PARTE HARTU ZUTEN EKIMENEAN ETA, ORDUBETEZ, ESPARTINARI OSTIKADAK EMATEN ARITU ZIREN DENAK.

Espartinen jaurtiketa baino espartinei ostikoka izendatu behar zuten ostegun arratsaldeko txapelketa. Or Konpon peñak erabaki zuen ekimena antolatzea aurtengo jaietarako, eta hasieran uste baino arrakastatsuagoa izan zen, milaka lagun elkartu baitziren Espainiako Atearen plazatxoan. Askok, noizean behin hori bixi-bixi koloreko espartina aireratzen ikusteaz aparte, ez zuten deus entzun ez deus ikusi.
Halere, ikusmin handia sortu zuen ekimenak, halere, eta askok bertaratu aurretik jokoaren arauak gogoz ikasiak zituzten. Panpi, 17 urteko gaztea, horietariko bat zen. «Parte-hartzaileek hirurehun gramoko espartin bat oinean jantzi eta, ostikada handi bat emanez, espartina ahal bezain urruti botatzea da helburua», azaldu zuen.
Jokalari bakoitzak bi aukera zituen, izan ere. Antolatzaileek metro erraldoi bat paratua zuten karrika erdian, espartinak zenbat metro egin zituen neurtzeko. «Errekorra hogeita hamaika metro da! Nire laguna, Jon, hiru aste egon da entrenatzen», gehitu zuen Panpik bere laguna ikusteko irrikatzen zegoela ezkutatu ezinik.
Baina, Baionan ez zuten errekorra gainditzea lortu. Eta, egia erran, espartina ordu erdi batez botatzen ikusten egon ondoren, ikusle askok aspergarritzat jo zuten kontua. «Ze luzea den!», zioten batzuek.
120 jaurtiketa
Arinago joatea ere ez zen erraza. Hogeita hamar elkartek bina jokalari aurkeztu, eta bakoitzak bi jaurtiketa egiten zituela kontuan hartua, arratsaldea biziki luzatu zen. Gauza guztietan bezala, halere, amaiera heldu zen, eta Jerome Bainconeauk harro baino harroago jaso zuen espartin jaurtiketaren lehen txapelketaren saria, Euskal Herriko lurraldea eta espartin bat (nola ez!) irudikatuz egurrean landutako garaikur dotorea, alegia.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
