INDIAK ETA BANGLADESHEK AMAIERA EMAN DIOTE MUGAKO LISKARRARI
BI HERRIALDEEN ARTEKO MUGA LISKARREK INORENA EZ DEN LURREAN EDUKI DITUZTE 52.000 PERTSONA INGURU. IA AZPIEGITURARIK GABE BIZI BEHAR IZAN DUTE AZKEN HAMARKADOTAN, ERIETXERIK GABE, ESKOLARIK GABE, ORDEZKARI POLITIKORIK GABE… ORAIN EGOERA ALDATU EGIN ZAIE ETA BI GOBERNUEK LAGUNTZA IRAGARRI DUTE.

Ostiral gauerdian hasi zen gatazka historikoari amaiera ofiziala eman zion ekitaldia. Abuztua hastearekin batera, gozokiak banatzen hasi ziren herritarrak; kandelak piztu eta bandera berriak igo zituzten.
Horrela bukatu zen orain 300en bat urte garaiko lur-jabeek hartu zituzten erabakiek eragindako amesgaiztoa. Britainiarrak ziren nagusi gaurko India eta Bangladesh estatuen arteko lurralde horretan, eta geroztik, batez ere independentzia lortu zutenetik (1947an Indiak eta 1971n Bangladeshek), politikariak ez ziren gauza arazoa konpontzeko.
Egoera horren ondorioz, bi estatuetako 162 enklabe «leku okerrean» egon dira. Eta horietan bizi ziren 52.000 lagunak bigarren mailako herritarrak ziren, giza eskubiderik gabeak. «Oso momentu garrantzitsua da. Hemendik aurrera bangladeshtarrak gara eta gure egoerak hobera egingo du», esan dio Efe agentziari Mainul Haq Enklabeen Koordinaziorako Batzordeko presidenteak. Bera Dashiar Chharan zegoen, ostiralera arte Bangladeshen zegoen indiar enklabean, eta orain Bangladesheko Kurigram barrutiko herrian.
Tankerako 111 leku zeuden Bangladeshen. Horietan 37.000 pertsona bizi dira. Horietako 979 lagunek Indiara joatea erabaki dute, eta besteak bangladeshtar bihurtu dira. Mugaz bestaldean, Indian, 51 enklabe dira: 14.000 biztanle. Kasu horretan ere gehienek erabaki dute indiar herritar bihurtzea.
Mugaren alde batetik bestera pasa behar dutenek lau hilabeteko epea izango dute horretarako. New Delhi eta Dhakako agintariek iragarri dute ia 500 milioi dolar bideratuko dituztela herritar horiei laguntzeko eta lurralde horiek garatzeko.
Indiako Atzerri Ministerioak ostiralean bertan jakinarazi zuen lurralde horietako herritarrek aurrerantzean oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dutela: hezkuntza eta osasun zerbitzua, beste askoren artean.
«Oso pozik gaude. Errepidea eta eskola bat eraikiko dutela agindu digute», esan du Abdul Hananek. Bashkatan bizi da, hemendik aurrera Indiako herri izango den lekuan. Bertako herritar gehienek indiar bihurtzea erabaki dute, eta hamarrek baino ez Bangladeshera joatea. Abdul, eskualdeko biztanle gehienak bezala, nekazaria da. Uste du egoera berrian bere produktuak saltzeko aukera hobeak izango dituela. Beraz, errazago bizitzeko modua.
«Herritarren pozak baieztatzen du gertaera esanguratsua dela. Egia esan, herritar trukaketa bat da, ez lur trukaketa», adierazi du Delwar Hossain Dhakako Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakasleak.
Hossainek gogorarazi du orain arteko egoeran lurralde horiek erabiltzerik ez zutela estatuek, nahiz eta herritarrak «bereak» izan. Enklabe horiek mugaz bestaldeko herrialdearekin lotzeko pasabideak zabaltzea ere aztertu zuten bere garaian, baina azkenean bertan behera utzi zuten aukera.
Bangladeshen eta Indiaren arteko mugak 4.000 kilometrotik gora ditu. Zati askotan Indiak hesia eraiki du 1980ko hamarkadaz geroztik, paperik gabeko etorkinen eta kontrabandoaren eraginez. Harremanek hobera egin dute.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
