GARA
bilbo

Suzuko «Ainhoa» Tamura ohorezko euskaltzaina hil da

Suzuko Ainhoa Tamura ohorezko euskaltzain japoniarra astelehenean hil zen, Sho Hagio euskaltzale japoniarrak jakinarazi duenez. Aichi prefeturan (Japonia) jaio zen 1934ko urtarrilaren 2an. Hizkuntzalaritzan lizentziaduna (Tokioko Unibertsitatea-Todai) eta Waseda Unibertsitateko irakasle emeritua zen. Suzuko Tamura euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1996ko martxoaren 29an eta ohorezko euskaltzain egin zuen Euskaltzaindiak 2000ko urriaren 27an. Euskararen, japonieraren eta ainueraren gramatika eta bereziki hitz ordena ikertu zituen. Bere artikuluak Euskaltzaindiaren “Piarres Lafitteri omenaldia” (1983) liburuan eta “Euskera” agerkarian (1985) irakur daitezke. Japoniako Hokkaido uharteko ainu etniaren hizkuntza isolatuan aditua zen eta hainbat liburu argitaratu zituen gai horretaz.