Iurre BIDEGAIN
BAIONA
Entrevista
JURGI EKIZA
MUSIKARIA

«Disko hau gauza zaharretatik askatzeko egin dut»

Willis Drummondeko abeslariaren bakarkako lehen diskoak udazkenean ikusiko du argia eta, hamar kanturen bidez, «barnekoa atera» eta lan pertsonala osatuko du Ekizak. Diskoa osatzeko abiatu duen «crowdfunding» kanpaina hamar egun barru amaituko da eta baliabideen erdia eskuratu du jada.

Jurgi Ekiza musikariak udazkenean bere lehen bakarkako diskoa plazaratuko du. Proiektua finantzatzeko, Karena plataformaren bidez, crowdfunding kanpaina abiatu du. Euskaraz izanen diren hamar kantuei esker, Willis Drummonden abeslariak «barnekoa atera» eta disko pertsonal bat egitea lortu du.

Nolakoa izanen da zure bakarkako diskoa?

Kanta hauek gauza zahar eta berrien arteko nahasketa bat dira. Gehienak aspalditik nituen kontzeptuak dira, baina ez nituen sekula grabatu edo amaitu.

Zergatik ez duzu orain arte egin halakorik?

Lana suposatzen du, eta batzuetan, adibidez, gerorako uzten duzu letra falta delako edo beste batzuetan bateria falta delako. Abenduan pausa hasi dugunean, denbora anitz pasatu dut etxean eta paradoxala izan da. Denak akituak ginen, baina etxean egin dudan lehen gauza gitarra jotzea izan da. Aspaldiko ideia horiek berriz hartu ditut.

Antzemanen duguna zutaz ezagutzen dugun estilotik urruntzen da?

Egia errateko, ez dakit sobera azaltzen. Nire ustez rocka da, baina alde ilun bat badu. Segur aski, Willis Drummonden ukitu bat badu, baina taldea maite duten pertsonek ez dute baitezpada disko hau maitatuko eta diskoa maitatzeko ez duzu Willis Drummond maitatu behar. Hala ere, gauza komunak badira; azken batean ahotsarekin abestiak asko identifikatzen dira.

Zure helburua orain arte ezagututako estilotik urruntzea zen?

Egia erran, ez dut hori pentsatu. Kantu hauek segur aski ez ziren Willis Drummonden disko batean sartuko, orokorki progresiboak direlako. Hari bat dago kantuen artean eta, aldiz, Willis Drummondekin beti hausten genuen zati bakoitza. Gainera, taldean bakoitzak bere ideiak ekartzen ditu, eta horrek aberastasuna sortzen du. Hor, aldiz, pixka bat bitxia da, zu zeuk egiten duzulako dena. Ez dut dena nik egin, neuk egin dudala errateko. Hastapenetik zerbait egin dut: neure burua behartu dut ateratzen zitzaidana onartzera. Hori ateratzen bazen, horrela utzi behar zen.

Zure pertsonaren baieztapena bilatu duzu?

Buruan hori nuen, atera zait eta den bezala utzi dut. Batzuetan kantu kalme bat ateratzean, jendearengan pentsatzen nuen, baina justuki hori ez kontuan hartzen ikasi dut. Eskema alderantziz ezartzen saiatu naiz.

Taldean pausa bat egitea erabaki ondoren, noiz pentsatu duzu bakarkako diskoa grabatzea?

Ez da horrela gertatu. Izan ere, aspalditik buruan nuen diskoa egitearen ideia, baina dena etortzen zen heinean egin dut. Willis Drummondekin ez genuen pentsatu pausa hain luzea izango zenik, baina bakoitza bere gauzetan murgildu da. Paraleloki, etxean denbora asko pasatu dut eta maketatzen hasi naiz, baina beti plazerarentzat. Ohartu naiz Willisekin erritmo batean sartuak ginela eta ez genuen denborarik kantuak sortzeko.

Maketak otsailerako prest nituen, eta lagunei entzunarazten hasi naiz. Egitekotan, segidan egin nahi nuen, fase berezi horretan nintzelako. Alde batetik, lehen diskoa izanki badirudi etapa berri baten hasiera dela, baina bestetik, nik arrunt fase baten bukaera bezala bizi dut. Diskoa gauza zaharretatik askatzeko egin dut, baina orain neure burua diskotik askatu behar dut.

Gozatzeko une hori galdu zenutela erran duzu, berriz gozatzeko parada antzeman duzu?

Willisekin asko gozatu dugu eta ez gara inoiz puntu horretara iritsi, bakarrik akituak ginen. Ez genuen indarrik horrela segitzeko. Maketak amaitzean plazera izan da, baina berriz hasi dut dena eta luzea da. Musikan gehien maite dudana kantuak sortzea da. Barnean duzuna kanpoan delarik. Ateratzea eta zure buruan duzuna transmititzen lortzea izugarria da. Hori plazera izan da, baina sufrimendua beste alde batean dago. Dena nik egitearen kontzeptu hori hor dagoenez, zaila da. Erabaki guztiak nire gain dira eta pisua da, zerbait gaizki bada zure errua da.

Proiektu berri honekin, zein dira zure beldurrak?

Gaur egun, lehena «crowdfunding»-aren helmugara ez ailegatzea da. Gainera, bakarrik izanki ez duzu taldearen sostengua. Inporta zaidan jendeari ez bazaio gustatzen, zaila izanen da.

Zergatik hautatu duzu crowdfunding sistema?

Egia erran, ez nuen diskoetxe bat atzemaiteko gogorik. Nire helburua diskoa autofinantzatzea da; amets bat da. Crowdfundingak askatasuna ematen dizu. Jarraitzaileekin harreman hori sortzea oso polita da. Ez duzu gauzak sortzeko inoren beharrik. Gaur egun, autoekoizpenak gauzak ongi egiteko aukera handiak ematen dizkizu.

Disko berri honekin, non gustatuko litzaizuke lehen kontzertua egitea?

Ez dut erabaki joko dudan edo ez. Zinez, diskoa oso pertsonala da eta lehenik nola errezibitua izanen den jakin behar dut. Jendeak entzun nahi badu, zerbait landuko dut. Crowdfundingean, kontzertu baten sarrera dago 50 euroren truke, beraz mementoko segurtatzen dudan kontzertu bakarra hori da. Crowdfunding kanpainan parte hartu duten pertsonei zuzendua izanen denez, leku praktiko bat pentsatzen saiatuko naiz.

Zure barnekoa publikoaren aitzinean emaitea beldur duzu?

Orain arte, taldea zen nire bizia. Neure burua taldearen arabera ikusten nuen, horregatik diskoa desafio bat da. Beldurgarria da.

Willis Drummonden taldekideek zer diote?

Grabaketa entzunarazi diet. Maketa zortzi-hamar bat pertsonari erakutsi diot. Jendeari entzunarazteaz ere beldur nintzen. Disko horren helburua jendeen influentziarik gabe ateratzea da.

Willis Drummond taldearekin zer gertatuko da?

Pausan gara eta segur da berriz bildu nahi dugula. Ez dugu alde batera utzi. Ez da pentsatu behar nire erabakia dela, amankomuna izan da. Azken batean, bakoitza bere proiektuetan sartu da. Nire ustez, denek dugu itzultzeko ideia.