Aimar Etxeberria
Kazetaria
IKUSMIRA

Ez gure eta ez haien; Boisetik Euskal Herrira

Igaro dira jada ia bi aste Boiseko Jaialdia amaitu zenetik. Bost egunez, euskal diasporaren hiriburu bilakatu zen AEBetako Idahoko hiriburua eta, antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona inguru bertaratu ziren Euskal Herritik. Euskal kultura izan zuen oinarri ekimenak; egin zuten arin-arin, fandango eta irrintzi eta, noski, herri kirolek ere ezin hutsik egin. Dena oso euskaldun. Harrotasunez jarraitu dugu ekimena guretik, harrotasunez gure kultura munduaren bestaldean erakutsi izateagatik, harrotasunez hori hala izan dadin AEBetara joandako euskaldunek garatu duten jardunagatik.

Migrazioaren afera, ordea, zoritxarrez, eguneroko ogi bilakatu zaigu. Hor dira eurotunela zeharkatuz Estatu frantsesetik Britainia Handira igaro nahian dabiltzanak, edota Siria edo Yemen bezalako herrialdeetatik, gerrari ihesi, Europara iristeko egunero bizia jokatzen dutenak.

Urrutira joan gabe, gurean ere badugu adibiderik. Asko dira Euskal Herriko herrietan aurkitzen ditugun etorkinak, bizi hobe baten bila etorri direnak. Hizkuntza eta kultura propio bat daramate soinean, eta «integrazioa» da egiten diegun lehenengo exijentzia. Mendebaldeko kulturara «integratzeko» eskatzen diegu, osterantzean, arazoak datoz. Arazoak norberaren etxebizitzaren inguruan meskita bat eraiki nahi dutela entzutean, arazoak euren kirolak praktikatzeko ibai ondoko belardian jartzean, arazoak gorputzeko hainbat atal estalita daramaten emakumeak kalean gurutzatzean. Euskaldunok Euskal Herritik kanpo gure hizkuntza eta kultura mantentzeko aukera izan dugu. Bada, izan dezatela eurek ere.