«Pierra Lhande» pastorala, hautu txar baten malura
Aita Lhanderen etxea izan zen Aphatiako etxekoandere berriak, Renaud-Coulon andere paristarrak, Aita Lhande zenaz erakustaldi bat prestatu zuen 2007ko irailaren 14an Zalgizeko elizan. Jean-Louis Davant Zuberoako euskaltzain, idazle eta pastoral-egilea bertara gonbidaturik izan zen bere azalpenak jende aurrean eman zitzan. Esan beharra dago Jean-Louis Davantek bazituela jadanik hainbat ikerketa eta idazlan plazaraturik Pierra Lhande izan zenaz. Jende aitzineko bilkura horretan hainbat jendek Davant bultzatu zuten Lhanderi buruzko pastoral bat idatz zezan. Urte bereko urrirako pastorala burutua zeukan. Pastoral horren kopia bat Euskaltzaindiko Andres Urrutia euskaltzainburuari eman zion eta honek separata batean plazaratzea erabaki zuen.
Pastorala 2008ko agorrilean aurkeztu zien Zalgize-Doneztebeko auzapez edo alkateari eta baita Aphatiako andereari ere. Hortxe aipatu zioten 2015etik aitzina pastoral hori jokatuko zela. Hurrengo hilabeteetan hainbat aldaketa proposatu zioten eta Davantek batzuk onartu eta besteak baztertu egin zituen. Hortik aitzina aipamen gehiagorik ez. 2011ko ekainaren 23an, Maule-Lextarren antolaturik izan zen Eüskararen Egünean, beste pastoral-idazle batek azaldu zion Davanti Aphatiako andereak pastoral bat idatzita zuela frantsesez eta zubererara itzuli nahi zuela.
Herri batean pastorala hautatu behar denean, bizilagunen aurreko bilkura batean pastoral-egileek euren pastoralen nondik norakoak azaltzen dituzte eta gero herritarrek aukeratzen dute. Davantek hori eskatu bazuen eta auzapezak eginen zuela erantzun bazion ere, inoiz ez zen holako bilerarik egin. Hautua hartua zuten, antza, alkateak eta Pariseko andereak. Beraiek ziotenez, Davanten pastorala klerikalegia omen zen, eta gainera ez omen zituen Aita Lhanderen bizitzaren alde guztiak kontuan hartzen. Andere horrek pentsatu izan du hasieratik Lhanderen etxea erosi izanak aipatu euskal pertsonaiari buruzko eskubide guztiak ematen dizkiola. Euskaraz jakin gabe eta euskal kulturaz eta arimaz deus ezagutu gabe. Ausardia handiagorik! Burugabekeria galanta! Pierra Lhanderen idazlanak eta bizipenak sakon ikertu omen ditu –euskaraz jakin gabe–. Dirudienez, asko omen daki Lhanderen bizitzaz eta ekintzez, bakoitzari berea, baina horrek ez dio biderik ematen Davantek baino pastoral hobea eta osatuagoa idazteko gai dela pentsatzeko. Hor erakusten ditu, alde batetik bere harrokeria handia, eta bestetik, euskal kulturaz duen jakituria hutsala. Nork ematen dio zilegitasuna euskal kulturako adierazgarri handia den pastoraletan frantsesez egindako testu bat sartzeko? Adiskide duen Zalgizeko Pierre Arrosagarai auzapezak, bistan da. Nola dei dakioke egin dutenari: Zentsura? Bazterketa? Jukutria? Ezaxolakeria? Utzikeria? Adiskidekeria? Harrokeria? Frantseskeria?
Adjektibo bat edo bestea jarrita, garbi dago Zuberoako pastoralarendako sekulako hutsegitea izan dela. Errespetu eta umiltasun falta ikaragarria erakutsi dute. Zuberoan euskara gibelatzen ari da, eta euskalduntasuna bizirik iraunarazteko hiru zutabe handi daude: ikastola, pastorala eta maskarada. Zalgizen egin dutenarekin pastorala folklorizazio bidean ezarri, euskarak ez duela deusetarako balio agertu, eta egun batean pastoralak frantsesez, Bearnon egiten den bezala, emateko bidea zabaldu dute. Nik dakidala, ez dute Hegoaldeko inongo herritik bertara joateko eta pastorala jokatzeko gonbitik jaso, eta itxaro dut holakorik ez gertatzea, pastoral hau euskaraz eta euskal kulturaz trufatu egin baita. Zuberoan beti esan da pastorala herri ekimena dela, euskara eta euskal kultura suspertzeko egiten dutena. Aurtengoak, bada, ez du bide hori jorratu.
Gero entzun behar zaie batzuei esanez 2014an Baionan jokatu zuten Itxaro Bordak idatziriko “Gerezien Denbora” izenekoa ez dela egiazko pastoralik izan edota hurrengo urterako Lapurdiko itsas-hegian jokatu nahi duten “Katalina Erauso” ez dela pastoralik izanen, ez baita Zuberoan eginen, eta horrelako babokeria merkeak. Entzun behar zaie gero! Haiek bitartean frantsesez idatziriko pastoral bat jokatzen digute. Astakeria handiagorik!
Itzulpen kontuan ere gorabehera handiak izan ziren. Zubererazko itzulpena eskarmentu handiko Jean-Pierra Behokarairi eskatu zioten, eta %75a itzulita zuenean, Madame Annick Renaud-Coulon-ek egindako lanaren frantses itzulpen bat eskatu zion. Gustatu ez, eta hitzez hitz itzultzeko eskatu zion. Beste norbaitek bukatu behar izan zuen Behokarai egiten ari zen itzulpena. Dena den, jatorrizko testu frantsesaren eta zubererazko itzulpenaren artean badira alde nabarmenak, bi arima ezberdinen seinale. Bi testuak irakurtzean, anitzetan bi arimen arteko talka aise nabari daiteke.
Ikusten duzun bezala, irakurle, aurtengo pastorala ez da ohikoa izan, kalapitaz mukuru etorri zaigu eta, okerrena dena, Zuberoako euskararen eta euskal kulturaren kalterako izan da. 2015eko maskaradetan ere, Idauze-Mendiko gazteek biziki kritikatu zuten Zalgizeko pastoralarekin gertatzen ari zena.
Pastoralak bi zatiz osatzen dira: testua eta ikusgarria. Lehena literaturarekin estu loturik dago. Bertan, pastoralerako hautatutako süjeta edo protagonistaren inguruko bizierak eta egindakoak aipatzen dira, egiazko gertakizunetatik edanez, baina baita irudimenezko osagaiez edertuz ere. Pastorala ez da historia hutsa eta pastoral-egileak süjetaren bizitzako hainbat pasarte hartzen ditu eta besteak baztertu, bere nahiaren arabera.
Preseski, Annick Renaud-Coulon andereak hori leporatzen dio Jean-Louis Davanti, hau da, hainbat pasarte baztertu izana. Ez al da konturatzen berak ere gauza bera egin duela?
Bigarren zatia ikusgarria da, testua janzten eta mamitzen duena, eta testua bezain garrantzitsua dena. Honetan, testuaz esan ezin dezakedan bezala, onartu behar da aditu multzo baten eskuetan izan dela eta izugarrizko ikusgarri ederra eskaini digutela. Erramun Gartzia-Zabalegik zuzendutako jostunek lan aparta egin dute, kolorez eta irudimenez beterikoa. Kantu egileek, moldatzaileek eta irakasleek izugarrizko lan polita egin dute. Zoriondu beharreko lana da Jean-Pierra Behokaraik, Jean Etxartek eta Jean-Louis Aranburuk egindakoa. Satanek eta gainerako dantzariek lan bikaina egin zuten, entzule-ikusleek gogotik txalotuz saritu zutena. Süjeta lana Beñat Larrori gazteak egin zuen, ederki aritu zena, eta bere ahots ederraz bertara hurbildutakoak liluratu zituena. Eta errejenta edo pastoral-zuzendaria ahantzi gabe, Jean-Pierra Rekalt ospetsua, berak zuzendu baitzuen pastorala perfekzio osoz eta kapitain trebe batek bere itsasontzia gobernatzen duen antzera. Mattin eta Ramuntxo Partarrieuk egindako afixa ere izugarri ederra eta bihotz-altxagarria. Horrelakoekin ikusgarriak ezin zuen, inolaz ere, huts egin.
Hurrengo urtean, Atharratze-Sorholüze herriak jokatuko du Pier-Pol Berzaitzek idatzitako Jean Pitrau laborari borrokalariaren pastorala. Aurtengo kalapita ez dadila inoiz errepikatu, pastoralak eta Zuberoak ez baitute horrelakorik merezi. Ene irudikoz, Zalgize eta Iruri zorretan gelditu dira Jean-Louis Davantekin. Geroan zor hori kitatzeko aukera izanen dutelakoan nago, euskaraz pentsaturiko eta idatziriko pastoral baten bidez.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
