Asiloa ukatu diote Hendaian atxikita duten nigeriarrari
OFPRAk atzera bota du Elita emakume homosexual nigeriarraren asilo eskaera. Bere herrialdera kanpora dezakete edozein unetan. Cimade elkarteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia ohartarazi du.

«Negar zotinka etorri zait Elita, OFPRAren erabakia eskuetan. Oso gogorra da», adierazi zuen Francisco Sanchez Cimade elkarteko kideak, atzo arratsaldean Elita emakume nigeriarrak asilo politiko eskaera errefusatu ziotela iragarri zion unea azalduz. Babes politikoa onartzeaz arduratzen den egitura ofizialaren ustetan, 26 urteko nigeriarrak ez ditu aski froga aurkeztu bere herrira itzuliko balitz dauzkan arriskuez. «Ez diote sinesten homosexuala denik, ezta horregatik 14 urteko kartzelaldia jaso dezakeenik edo, okerrago, bere bizia arriskuan denik ere», salatu zuen Sanchezek.
Ebazpena jakin bezain pronto bi izapide jarri ditu abian abokatuak, «oraintxe bertan edozein unetan kanpora baitezakete». «Batetik, Paueko Epaitegi Administratiboan habeas corpus eskaera egin dut. 72 ordu ditu erantzuteko. Hortaz, litekeena da astelehenean bertan audientzia bat finkatzea. Hala balitz, auzitegiak erabaki bat hartu arte, kanporatzea eten egingo litzateke», azaldu zuen dokumenturik gabeko atzerritzarrak laguntzeaz arduratzen den Cimade elkarteko kideak.
Europako Auzitegiari deia
Bestetik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiari OFPRAren deliberoaren berri eman dio «gauzak argitu bitartean» Barne Ministerioari kanporatze prozedura eteteko eska diezaion.
Elita uztailaren 24tik dago Hendaiako Atxikitze Zentroan. Bere herritik txiripaz egin zuen ihes auzokideak lesbiana zela konturatu eta bere neska-laguna plazan erre zutenean. AEBetara jo zuen babes bila, baina handik kanporatu egin zuten. Parisen ere erretenituta egon zen Hendaian atxilotu aurretik.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
