Zorraren bosten bat barkatzea adostu du Ukrainak hartzekodunekin
Ukrainako Finantza ministroak atzo iragarri zuen herrialdearen zorraren bosten bat barkatzea adostu dutela Hartzekodunen Batzordearekin. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak goraipatu egin zuen akordioa, erreformekin segitzea ahalbidetzen duelako.

Natalia Yaresko Finantza ministroak eman zuen akordioaren berri. Ukrainaren zorra 19.300 milioi dolarrekoa (17.232 milioi euro) da, eta, atzoko erabakiaren eraginez, 3.800 milioi dolar (3.392 milioi euro) barkatuko zaizkio. 15.500 milioi dolar (13.840 milioi euro) ditu oraindik ordaintzeko Kievek.
«Gure etsaiek ikusi nahi zuten ordainketa-etendurarik ez da izango», adierazi zuen Arseni Yatseniuk lehen ministroak. Berak esaldi horretan aipatu ez bazuen ere, Errusiari buruz ari zen, Kieveko agintarien arabera «estatu erasotzailea» baita Vladimir Putinek zuzentzen duena.
Gobernuburuak geroxeago aipatuko zuen Errusia, Hartzekodunen Batzordean sartzeari uko egin ziola esateko: «Inolaz ere ez dituzte lortuko beste hartzekodunek baino baldintza hobeak. Edo gure baldintzak onartzen dituzte edo besterik ez dagoela onartu beharko dute».
Zorra ordaintzeko epea ere luzatu egin da hartzekodunekin adostutako itunaren arabera. 2015etik 2023ra artean ordaindu beharrean, 2019tik 2027ra bitartean ordaintzeko aukera izango du Kievek: «2015etik aurrera ordaindu behar genituen kopuruak lau urtez atzeratuko dira». Lehen ministroak erantsi zuen 2000z geroztik beste inork ez dituela hain baldintza onak lortu, ordainketa-etendura deklaratu gabe.
Agintariek botila ia beteta dagoela aditzera eman nahi bazuten ere, Petro Poroshenkoren Gobernuak Ukrainaren zorraren %40 barkatzea eskatzen zuen hasiera batean. Edonola ere, sekulako mesedea egiten zaio Ukrainako Estatuaren ekonomiari, irailaren 23rako 500 milioi dolar ordaindu behar baitzituen, eta orain diru hori beste zerbaitetarako erabiltzeko aukera izango baitu.
Errusiak gainerako hartzekodunekin bat egin ez duenez, Moskuri ordaindu beharrekoa barkatu gabe dago. Beraz, urtea amaitu baino lehen 3.000 milioi dolar eman behar dizkio Kievek Moskuri. Anton Siluanov Errusiako Finantza ministroak garbi adierazi du Ukrainaren zorraren berregituraketa prozesuan esku hartzeko asmorik ez duela Errusiak.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea oso pozik zegoen Ukrainaren zorraren inguruko akordioarekin, finantzaketa beharrak murriztu eta abian jarritako erreformekin jarraitzeko aukera ematen omen duelako. Junckerrek gogorarazi zuen Kievek adostutako erreformak aurrera ateraz gero, Europar Batasunak ordaindu egingo dituela hitzartutako kopuruak: 1.800 milioi euroko laguntza onartu du Bruselak, eta kopuru horren heren bat (600 milioi) dagoeneko ordainduta dago.
Christine Lagarde NMF Nazioarteko Moneta Funtseko zuzendariak ere goraipatu egin zuen akordioa. Hartzekodunen eta Ukrainako agintarien jarrera positiboa eskertu zuen, bestela akordiorik ez zen izango-eta.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
