Europako onenak Azpeitian ikusi ahal izango dira
Emakumezkoen eta gizonezkoen txapelak erabakiko dira bihar Loiolako Basilikako belardietan.

Segalarien Europako Txapelketa bart abiatu zen, ongietorri ekitaldiarekin eta ondorengo jaialdiarekin, baina egunik indartsuena biharkoa izango da, orduan jokatuko baitira mutilen eta nesken txapelketak. Gaurkoa ere egun polita izango da, umeen nazioarteko aurreneko lehiaketa jokatuko delako, beste hainbat ekitaldiren artean.
16.00etan hasiko dira gaurko ekitaldiak, eta ordu horretan Ikasberri ikastolako belardietan jokatuko da gaztetxoen nazioarteko lehiaketa. Ondoren, kabalgata izango da herriko plazara, eta han aurkeztuko dituzte segalariak eta igandeko saiorako sailen zozketak ere egingo dira. Festak gauean jarraituko du, 23.30ean Merkatu plazan, dantzaldia izango baita Laket taldearekin.
Ekitaldirik garrantzitsuena biharkoa izango da. Txapelketa 11.30ean hasiko da Loiolako basilikako belardietan, eta ordu eta erdi geroago atsedenaldia izango da, ez luzea, ordu erdikoa, segalarien jardunarekin jarraitzeko. 15.30ean hasiko dira emakumeak, eta, haiek amaitutakoan, 18.30ean, ekitaldi nagusia izango da Merkatu plazan, hantxe banatuko baitira sariak.
Maila handia
Maila handiko segalariak izango dira bertan, eta jadanik talde guztien izenak ere eman dira ezagutzera. Mitxelena, Artzelus, Goenaga, Urrutia, Gabirondo II.a, Otegi, Lizartza, Urkola, Garmendia, Irazustabarrena, Imaz, Mazkiaran, Astondoa, Galarraga eta Otamendi izango dira Euskal Herria ordezkatuko dutenak.
Betschart, Tobler, Sidler, Roth, Loond, Reichen, Frick, Mazenauer, Fuchs, Peter, Martin, Frehner, Iris, Marianne, Simone eta Margrit arituko dira Suitzan. Steinman, Riedl, Sporer, Franz, Pertiler, Selinger, Wlinder, Mathias, Florian, Koberi, Schalbi, Junger, Ingrid, Satams, Scllcher eta Fritz, Suitzarekin arituko dira. Eger, Astner, Schmid, Mayer, Lutzenberger, Schdmit, Schelb, Butzer, Sauter, Kallfass, Elder, Mildner, Has eta Sauter, Alemaniarekin.
Esloveniarekin, berriz, honako hauek arituko dira: Oblak, Vivod, Miha, Joze, Car eta David, Cas, Mravije, Krek, Pibernik, Martija, Kotar, Mateja eta Sabina. Azkenik, Hego Tirolekin, honako hauek izango dira lanean: Oberrauch, Spless, Tirier, Lanziner, Irsara, Daniel, Ausrrhofer, Stefan, Zoggeler, Manuela, Alcher, Gasser eta Goller.
Nazioarteko eran izaten den moduan, abiadura eta txukuntasuna uztartuko dira; beraz, ez du azkar ebakitzeak bakarrik balioko, txukun ere ebaki beharko da. Suitzarrak dira faborito nagusiak, orain dela bi urteko lehiaketan nagusi izan baitziren, nahiz eta Austriak urre bat kendu zien. Azpeitira dozenentzat ez da jatekorik eta edatekorik faltako.
Gaztetxoek euren maila erakusteko aukera dute
Maila nagusiko lehiaketak bihar jokatuko dira, baina gaur 16.00etan jokatuko dira gaztetxoen lehiaketak Ikasberriko belardietan. Saioa ez da Europa Txapelketa bezala bataiatuko, baina horrela balitz bezala hartu beharko da. Nazioartean umetatik hasten dira segan, eta azkenaldian Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan, lan asko ari dira egiten, Joxe Gabirondo edo Altzo esaterako, eta euren fruitua gaur ikusi ahal izango da. Nahiz eta euskal gazteak euren artean lehiatuta dauden, nazioartean aurrenekoz arituko dira, eta nerbioek ere zeresana izango dute, nahiz eta duten guztia emango duten. J.L.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
