GARA
ATARRABIA

Aingeru Zudairerentzat justizia eskatzen jarraitzen dute Atarrabian

2012ko irailean izan zen greba batean poliziak gomazko pilotekin tiro egin eta kolpe baten ondorioz, Zudairek begi bateko ikusmena galdu zuen. Errudunik aurkitu gabe, kausa artxibatu lezake epaileak.

Irailaren 26an hiru urte beteko dira Aingeru Zudaire Atarrabiako bizilagunak poliziaren pilotakada baten ondorioz begi bateko ikusmena galdu zuenetik. Hori dela-eta, “Ojo, bestelako polizia eredu bat” ekimenak «hilgarria suerta zitekeen» pilotakada horrengatik justizia egitea eskatzen dute.

Kideen esanetan, «ikerketa judizialak garbi utzi du ez duela inolako borondaterik egun hartako gertakariari dagozkion erantzukizun penalak bilatu eta eskatzeko». Haien ustez, instrukzio-epailea Zudaireren zauriak eta poliziaren jarduera bereizten saiatu da, eta zalantzan jarri izan du zauri horiek gomazko pilota batek eraginak ote ziren. Gertaera lan greba baten ondorioz egindako manifestazioan suertatu zenez, «erantzukizuna sindikatuei egotzi nahi izan zieten».

Instrukzio-epaileak salaketa artxibatu egin zuen zaurien egilea nor zen jakiterik ez zegoela argudiatuz. Era berean, poliziaren jarduna egokia izan zela esan zuen, euren burua defendatzen ari ziren grebalariak istiluak sortzen ari zirelako, bere ustez. Auzitegi Nagusiak froga gehiago biltzeko eskatu zuen gertatutakoa argitu ahal izateko, baina oraingoan ere artxibatu egin dute salaketa.

Ikerketarekin jarraitu

Bihar akusazioak jarritako apelazio berria ikusiko da, hau da, kausa hau berriro artxibatzeari buruzkoa. Horregatik, Ojo ekimenak apelazio horrek duen garrantziaz ohartarazi nahi du gizartea, «bide penala ixten bada, poliziak egun hartan izandako jarduera zigorrik gabe» geldituko baita. Zudaire babesten duten bizilagunentzat onartezina da argitu gabe gelditzea nork eman zuen herritarren kontra tiro egiteko agindua. Horregatik aldarrikatzen dute ikerketa horrek jarraitu egin behar duela, amaierara arte, benetako erantzuleak aurkitzeko asmoz.

Pilotakadak jaso dituztenak ehunka izan direnez, Zudaireren kasuan justizia egitean haiekin ere justizia egitea espero dute. «Beharrezkoa da gaur egungo poliziaren praktikak oinarri dituen eredua eta irizpideak aldatzea», aipatu zuten.