Jon LEUNDA
Sega

Suitzakoak eta Tirolgoak izan dira denetan azkarrenak

Mutiletan Spiess Hego Tirolgoa izan zen onena, etanesketan, berriz, Fohn suitzarra izan zen gailenduzena. Biek ere maila ikaragarria eman zuten.

Hego Tirol eta Suitza izan ziren Europako Txapelketako protagonistak, eurentzat izan baitziren dominarik gehien. Mutiletan, Hego Tirolgo Georg Spiessek irabazi zuen. Nesken mailan, berriz, Margrit Fohn suitzarrak irabazi zuen.

Hirugarren eta azkeneko egunean ere beroa izan zen protagonista. Zaleen erantzuna ere handia izan zen, goizeko saiora 1.500 ikusle inguru bertaratu baitziren. Parajea ere horrelakoxea zen, bikaina. Arratsalderako gutxitu zen ikusleen kopurua, baina, hala ere, jende asko izan zen ekinaldia ikusten.

Goizean mutilen txandak izan ziren, eta guztira hamar jokatu ziren. Proba hauetan azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen dira. Beraz, ez dira kontuan hartu behar denborak bakarrik, txukuntasuna ere bai, baina emaitzak ez direnez ematen sariak banatu arte, jendearen erreferentzia txanda bakoitzeko irabazleak izaten dira, eta hor Hego Tirolgo segalariak izan ziren nagusi.

Aurreneko txandan Reto Fuchs suitzarra izan zen garaile. Bigarren txandan, berriz, David Trielr Hego Tirolgo segalaria izan zen azkarrena. Gero irabazi zuen Georg Spiess izan zen onena hirugarren txandan. Laugarrenean ere Tirolgoa izan zen bere saila aurrena amaitu zuena, hau da, Daniel Lanziner; eta bosgarrenean ere tiroldarrak nagusitu ziren, Simon Oberrauch gailendu baitzen. Seigarren txandan Stefan Luond suitzarra izan zen onena, baina zazpigarrenean berriro ere Hego Tirolgo ordezkaria, Cristian Irsara izan zen azkarrena, eta zortzigarrenean, Suitzako ordezkaria, Stefan Tobler, izan zen azkarrena. Austriarra, Hubert Riedl, izan zen onena bederatzigarrenean, eta hamargarrenean, Klaus Lanziner, Hego Tirolgoa. Sailkapen nagusian, Georg Spiess Hego Tirolgoa izan zen nagusi. Bigarren, herrialde bereko Klaus Lanziner, eta Reto Fuchs suitzarra, hirugarren.

Nesketan bost txanda jokatu ziren, eta horietako bat Alaitz Imazek irabazi zuen. Suitzak bi irabazi zituen, eta bana Austriak eta Alemaniak. Orokorrean, Margrit Fohn suitzarra izan zen nagusi; bigarren, herrialde bereko Regula Frehner; eta hirugarren, Margit Steinmann austriarra izan zen.

 

Imaz izan da euskal segalarien artean onena

Bazegoen itxaropenik euskal segalarien artean, baina ezin esan aparteko lanik egin zutela, inork ez baitzuen lortu podiumera iristea, ezta aurreneko bostetan sartzea ere. Denetan onena Alaitz Imaz izan zen. Nesketan aurreneko hamarretan sartu zen bakarra izan zen, hamargarren amaitu zuen, hain zuzen. Aldiz, mutiletan, aurreneko hamarretan ez zen inor sartu.

Suitza eta Austria ziren faboritoak, eta suitzarrek ez zuten hutsik egin, baina tartean Hego Tirol agertu zen. Ikaragarrizko maila eman zuten etorri ziren mutil guztiek, nesketan ez baitziren horren fin aritu. Mutiletan lehen bi postuak eraman zituzten, eta Suitzak, aldiz, mutiletan hirugarren postua eta nesketan lehen biak lortu zituzten. Tartean Austriakoa sartu zen nesketan. Aritu zirenen artean, Eslovenia izan zen mailarik ahulena eskaini zuena. Bi mailetan pattal aritu ziren. J.L.