Surflari ernegatua

Zer pentsatua eman

Beste garai batzuk ziren. EITBk, ETB izena zuen eta Roge Blascok “Dr. Livingston supongo” programa aurkezten zuen. Betamax eta VHS sistemak gerran ziren eta guk ahal genuen formatuan grabatzen genituen Lacanau eta Biarritzeko surf txapelketen berri ematen ziguten irudi liluragarri haiek.

Denborak aurrera egin ahala bestelako kontuak lehenetsi ziren eta surf irudien “txipli-txapla” hotsak, haragi festen “kla,kla,kla” “ahhhhh”, “oooh” eta antzeko soinuengandik aldatu genituen. Auskalo non dauden egungo aparatuek onartzen ez dituzten bideo haiek.

25 urte bete berri dira surf munduan azken hamarkadetan izan den paradigma aldaketa garrantzitsuenetako bat gertatu zenetik. Orduan ez genuen egiaz gertatzen ari zen aldaketaren kontzientziarik, baina orain, Rogeri esker, lekuko zuzen izan ginela esan dezakegu. Inori axola ez bazaio ere.

Abuztuan Lacanaun egiten zen munduko surf txapelketan izan zen. Bi belaunaldiren arteko talka puri-purian zen. Batetik, eskola zaharreko surflariak zeuden, Tom Carrol edo Gary Elkerton bezalako surflariek zelati begiratzen zituzten ohiko ariketa klasikoei muzin egiten zieten surflari gazteak.

Bestetik, Shane Dorian edo Rob Machado bezalako surflariek ez zuten ezkutatzen aurrekoengandik zuten begirunea, baina errespeturik galtzeko asmorik gabe, bestelako surf mota bat egin nahi zuten, eta modu arinago batean, olatutik kanpo ere airean surf egiten hasi ziren.

Bi multzoen arteko talka Kelly Slater eta Tom Currenen arteko txandan irudikatu zen. Epaileek ez zuten jakin gaztetxo hura egiten ari zena puntuatzen eta garaipena nerabe mukitsu haien maisu zen Curren jaunari eman zioten. Aurrerantzean ordea, epaileek surf berri hartara egokitu behar izan zuten eta eskola zaharreko ordezkariak bakoitza bere bidean galdu ziren. Edonola ere, eskola ziren eta eskola egin zuten.

Egun Slaterrek punta-puntan jarraitzen du eta bidean sortu diren ñabarduretara egokitzeko gaitasun ikaragarria erakutsi du. Ez da gehiago eskolarik sortu, ezta belaunaldi baten ordezkaririk aurkeztu ere. Taldetxoak sortu dira, bakoitza bere berezitasunekin, bere hizkera eta ezaugarriekin, baina finean, Lacanauko txanda hartatik ez da muinean aldaketarik izan. Zimendu berak dira nagusi. Bestelako programak ikusi eta kontsumitzen ditugu, bestelako izenekin, eta orduan ateratzen ari zitzaigun ilea galtzen hasiak gara jada, baina oinarrian, ez da ezer aldatu. Ez dakit zer pentsatua eman beharko ligukeen, edo zer pentsatua eman beharko genukeen.