Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Konparatzea ere...

Ez da egia Hitlerrek botoen bidez hartu zuela erabateko boterea. 1932ko hauteskundeetan herritarren sostengu handia izan zuen, bai, krisi ekonomiko latzaren testuinguruan (urte berean Alemaniako Presidentetzara aurkeztu eta ez zuen irabazi, ordea); hala ere, III. Reich delakoa Alemaniako presidente Paul von Hindenburgen, enpresarien, Armadaren eta eskumako alderdien laguntzaz (nazioartekoaz gainera) lortu zuen. Historia ofizialak kontatzen dizkigu presidente haren, alderdi haien eta enpresari haien penak eta sufrimenduak, batez ere juduen eta komunisten aurka hasi zen sarraskia haien aurkakoa ere bihurtu zelako, neurri arinagoan izanda ere (eskumako alderdiak beren «borondatez» desegin ziren). Baina Historia ofizialak berak erakusten du horien guztien laguntza gabe naziek nekez lortuko zutela lortu zutena. Beroriek, Hitlerrek bezala, komunistak zituzten etsai nagusi; baita, neurri batean, sozialdemokratek ere, nazien asmoa ezin argiago zegoenean ere ez baitziren batasunerako norabidean zirkinik ere egiteko gauza izan.

Joan den igandean Felipe Gonzalezi irakurri diogu konparaketa, PPko Gobernuak txalotua, baina aurrerago ere PSOEko eta PPko buruzagiei halakoak entzun izan dizkiegu, Katalunian zein Euskal Herrian burujabetzaren aldeko indarrek hauteskundeetan duten sostengua dela eta: Hitlerrek ere irabazi zuen hautetsontziei esker.

Esan bezala, ez. Eta hala izan balitz ere, hain zuzen alderdi horiek esatea azal lodiaren mukurua da. Nork daki zer egingo zukeen Katalunia independente bateko Gobernuak, nork zer Euskal Herrikoak? Zoritxarrez, oraindik ez da gertatu eta, horrenbestez, ezin jakin. Badakigu, ordea, zer egin duten Espainia eternaleko gobernuek. Azkenak, PSOE eta PPrenak. Ez dute Hirugarren Reichik ezarri (oraingoz, behinik behin), baina hura arteko antzeko mugimendu asko sumatu ditugu Euskal Herrian eta azken urteotan Euskal Herritik kanpo: debekuak, hedabideak ixtea, hautetsiak eta beste politikari asko atxilotzea, alderdiak legez kanporatzea, hilketak…

Benetan uste al du inork Katalunia edo Euskal Herri independenteak okerragoak izango liratekeela?