GARA
DONOSTIA

Ordiziako gazta lehiaketa datorren asteazkenean izango da

Ordizian gaur hasi eta irailaren 13ra arte izango dira Euskal Jaiak. Tartean ospe handiko gazta lehiaketa egingo dute, irailaren 9an, atzo Donostian egindako prentsaurreko batean iragarri zutenaren arabera.

Ekonomia Sustapeneko diputatua den Ainhoa Aizpuruk aipatu zuenez, Ordizian antolatzen duten feria hau garrantzitsua da, «bertako produktuen erakusleiho» gisa. «Euskal Jai hauek gure baserritarren produktuak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen dute, eta gainera, ingurumenari eta bertako ekonomiari ekarpen bikaina egiten zaio», esan zuen Aizpuruk guztiei Ordiziara gerturatu eta festaz gozatzeko gonbita luzatuz.

Herriko alkateak, Josemi Santamariak, festaren balio turistikoa nabarmendu zuen, eta lurraldeko lehen sektoreari egiten dion ekarpena aldarrikatu zuen. «Gipuzkoako feria da, Ordiziarentzako altxor bat», goraipatu zuen.

Gazta gehiago

Idiazabal jatorri deituraren ordezkaria den Miriam Molina ere aurkezpenean izan zen, eta aipatu zuenez, aurten gazta mota horren ekoizpena %5 handituko da. Bestalde, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaria den Peli Manterolak azpimarratu zuen artzain gaztaren ekoizpena %12 hazi dela 2014. urteko emaitzarekin konparatuta eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa kontuan hartuta.

Hala, gazta txapelketa asteazkenean egingo dute, ganadu eta barazki azoka bezala. Epaimahaiko lehendakaria Joan Mari Arzak izango da. Irabazten duen gaztaren enkantea egingo dute ondoren.

Horrez gain, gaurtik hasita egunero ekitaldiak izango dira. Esate baterako, antzerkia (gaur 22.00etan), herri bazkaria (bihar), dantzariak eta errondaila (igandean), ardo dastaketa (hilaren 7an), sukaldaritza lehiaketa (8an), sagardo dastaketa (10ean) edota piano eta bertso saioa (12an), beste gauza askoren artean.