Nagore BELASTEGI
ORDIZIAKO EUSKAL JAIAK

GOURMET ETA GASTRONOMIA ZALEENTZAT EZINBESTEKO AZOKA

BEGIRATU, USAINDU ETA, AZKENIK, DASTATU. HORI ZEN ORDIZIAKO GAZTA TXAPELKETAKO EPAIMAHAIKIDEEK ZUTEN LANA. EUREK ERABAKI ZUTEN ZEIN GAZTAK ERAMAN ZUEN SARIA, BAINA BERAIEK ERE SARI EDERRA ERAMAN ZUTEN ZENTZUMENENTZAKO. INGURURA BEGIRATU ETA AHORA ERAMATEKO MODUKO PRODUKTUZ BETEA ZEGOEN HERRIA.

7.600 euro ordaindu zituen Catalana Occidente aseguru-etxeak Zeanuriko Ipiñaburu elkarteak egindako gazta erdiagatik. Hura izan zen Ordiziako Euskal Jaien baitan ospatu zuten gazta txapelketaren 42. edizioko irabazlea, 2012. urtean bezalaxe. Urte hartan ere aseguru-etxeak erosi zuen gazta erdia, 200 euro gutxiago eskainiz.

Ipiñaburu izan zen gaztarik onena baina horrek ez du esan nahi gainerako 47 gaztak kaskarrak zirenik. Izan ere, Joan Mari Arzak epaimahaiko lehendakariak azpimarratu zuen gero eta hobeak direla aurkezten diren piezak. Gaztagile bakoitzak bere artaldea izatea eta bertatik lortutako esnearekin gaztak egitea oso kontuan izaten dute.

Arzak epaimahaiko beteranoetako bat zen, eta baserritarrez jantzita Ordiziako giroaz guztiz bustirik dagoela erakutsi zuen. Berrien artean Jon Plazaola aktorea zegoen. Gaztazalea badela aitortu zuen, baina mahaian zituen kide adituei esker asko ikasi zuela baieztatu zuen. Bere alboan Elena Arzak, Martin Berasategi eta Pedro Subijana sukaldariak zituen, baita Basque Culinary Center-eko zuzendaria den Jose Maria Aizega ere. Iñaki Gabilondo kazetariak osatzen zuen mahai nagusia.

Euskal Jaiak irailaren 4an hasi eta 13ra arte luzatuko badira ere, atzokoa izan zen egun handia. Horregatik jakin-min izugarria zegoen pilotalekuaren inguruan. Bertan zegoen Joxe Antonio Goñi, donostiarra, nahiz eta bertaratutako gehienak Goierriko herrietakoak diren. «Enkantea hasten denean ezinezkoa izaten da frontoira sartzea, beraz, aurretik buelta bat ematea gustatzen zait epaimahaian nor dagoen ikusteko», kontatu zuen poltsa batean gazta erdi bat eta bestean barazkiak zeramatzan bitartean. «Ez naiz azoka zalea baina bai gastronomia zalea. Gustatzen zait Ordiziara urtero etortzea kalitatezko produktuak daudelako. Urtero erosten dudana gazta da. Ez da irabazlea, baina ziur hori bezain ona dagoela!», aipatu zuen barrez.

Behiak ere ospetsu

Pilotalekutik kanpo, herrian zehar, postu pila bat jarri zituzten. Hala, Plaza Nagusian ohiko asteazkenetako azoka bazegoen ere, inguruko kaleetan artisauak, kontserbagileak, gozogileak eta nekazariak zeuden. Jose Migel Barandiaran plazan barazki eta frutaz jositako kolore biziko mahaiak zeuden, perretxikoen erakusketaren ondoan.

Garagartza plazan, ordea, piriniotar arrazako behiak zeuden. Adinaren arabera sailkaturik, seinaka ateratzen zituzten jendaurrera eta aditu batek talde bakoitzeko irabazlea zein zen erabakitzen zuen. Zuriak edo marroi argiak ziren denak, oso dotoreak.

Han inguruan zegoen japoniar familia bat behiei argazkiak ateratzen, eta beraiekin posatzen famatuak balira bezala. Hotaru semea ingelesez zertxobait moldatzen zen, eta berak kontatutakoaren arabera, Tokiokoak ziren. «Hau oso desberdina da. Animaliak kalean daude, jendea pozik dago eta guztiekin hitz egiten, janaria eta edaria dago!», zioen jateko pintxoak eskaintzen zituen postu handi bati begira.

Oporretan Euskal Herrira etorri eta turismo bulegoko langileak Ordiziako Euskal Jaiei buruz hitz egin zien. Ulertzekoa da zergatik zeuden hain pozik, ez baita erraza leku berri batera joatea eta bertako kultura hain ondo irudikatzen duen festa batekin topo egitea. Baina agian behiekin zuten zoramen horrek badauka beste azalpen bat; dirudienez munduko okelarik onena Japoniako Kobe izeneko haragi zatiak dira, wagyu arrazako idietatik lortzen dena.