Jon LEUNDA
errugbia

Biarritzek garaipenen bidera itzuli behar du

Hiru partida, eta hiru porrot, hori da orain arte Biarritzek egin duena, eta sailkapenean talde bakarra dauka bere atzetik, oraindik punturik lortu gabe, eta hantxe jokatuko du gaur talde zuri-gorriak, Aix-en-Provence taldearen aurka, 19.00etan.

Lapurtarrek gaur ezin dute hutsik egin, garaipenen bidean sartzeko aukera paregabea daukate. Agilerako taldeak defentsako puntu bat besterik ez dauka hiru jardunalditan lortuta, eta puntuen kopurua gizentzen hasi beharra dauka.

Gaur lapurtarrek premia gorria daukate, eta orain arte puntu bakar bat ere lortu ez duen taldearen zelaian galduko balute, azkeneko postuan geratuko lirateke, eta orduan bai esan beharko litzatekeela aurtengo helburua mailari eustea besterik ezin dela izan, nahiz eta jendeak beste zerbait nahiko duen.

Galtzeaz gain, itxura kaskarra eman dute zuri-gorriek, eta orain artekoa irauli egin beharko dute. Gaurko aurkariak ere itxura pattala eman du orain arte; beraz, biak ere pare samarrean dabiltza denboraldi hasiera honetan, baina orain gertatu daitekeen okerrena da hasieratik atzean, zuloan, sartuta geratzea.

Aviron

Avironek, berriz, etzi jokatuko du 14.15ean Bourgoinen aurka Jean Dauguer zelaian. Lapurtarrek bide bikaina zeramaten aurreneko bi jardunaldiak irabazita, baina pasa den astean aurretik ibili ostean galdu egin zuten Akizen, bigarren zati, eta batez ere, azkeneko minutu txarren ostean.

Horri buelta eman nahi diote, eta berriro ere garaipenen bidera itzuli. Goian ibiltzeko, hasieratik agintea erakustea izaten da onena, eta ezin dute hutsik egin. Partida Eurosport 2 telebista kateak eskainiko du.