GARA
KAIRO

Egiptoko agintari kolpistek ministro zaharrak baztertu egin dituzte

Herritarren haserreak gora egin duela ikusita, Abdelfatah al-Sissi Egiptoko presidente kolpistak Sherif Ismail Petrolio ministroari eskatu dio gobernu berria osatzeko, aurrekoak atzo bertan bere dimisioa aurkeztu ondoren. Bozketak egin aurretik, aurpegi berriak aurrera.

Urriaren 17an hasi eta abenduaren 2an amaituko dira Egiptoko hauteskunde legislatiboak, agintari kolpistek ezarri duten egutegiaren arabera.

Ez da sorpresa handirik izango bozketa horietan, oposiziorik gabe egingo baitira. Edonola ere, Al-Sissi presidenteak orain arteko gobernua hankaz gora bota eta berria osatzea erabaki du. Sherif Ismailek diseinatu beharko du Exekutibo berria.

Ibrahim Mahlab atzo arte izan zen Egiptoko lehen ministro. Atzo goizean aurkeztu zuen dimisioa eta presidenteak berehala onartu zion. Edonola ere, Al-Sissik Mahlabi berari eskatu dio Exekutibo berria osatu arte behin-behineko gobernua zuzentzeko. Mahlab Hosni Mubarak diktadorearen alderdiko buruetako bat izan zen. 2014ko lehen zatian ipini zuten lehen ministro karguan. Sherif Ismailek astebete izango du gobernu berria osatzeko.

Agintariek ez dute argitu aurreko gobernuak zergatik erabaki duen dimisioa aurkeztea, baina iturri ofizialek Efe berri agentziari esan diote Al-Sissi ez dagoela gustura ministroek egindako lanarekin. Ministro batzuk ustelkeria kasuetan nahastuta egoteak ere aurpegi aldaketaren beharra areagotu du. Izan ere, irailaren 7an Salah Hilal Nekazaritza ministroa atxilotu zuen Poliziak Kairon, ustelkeria eta eroskeria leporatuta.

Bestalde, osasun sistemaren gabeziek sutan jarri dituzte egiptoar asko. Eta hezkuntzaren munduan ere protesta ugari egiten ari dira Egipton. Zerbitzu Publikoaren lege berria onartu nahi dutela-eta, funtzionarioek aurkako jarrera hartu dute. Atzo bertan manifestazioa egin zuten Kairo hiriburuan.