Maite IDIRIN
MUSIKA KLASIKOA

Hats luzeko bi artista

Katia Labeque pianista hendaiarra oso ezaguna dugu, batez ere, bere ahizpa Mariellekin osatzen duen bikote ederrari esker. Hala ere, atzokoan, Viktoria Mullova biolinista moskutarrarekin aritu zen Angelun eskaini ziguten kontzertu bikainean. Hasteko, Mozarten K.526 sonata eskaini ziguten bi musikarien konplizitate ezin baikorragoa nabarmen erakutsiz. R. Schumannen 1. sonata interpretatzeko orduan, konplizitateaz gain, elkarrekin jardutean duten plazera adierazi ziguten. Batez ere, hirugarren mugimenduan, hasiera dramatikoa bada ere, geroago bizkorra bezain distiratsua gertatzen baita. Berritasuna Toru Takemitsu japoniarrarekin etorri zen. Hasieran autodidakta izan bazen ere, gerora hainbat konpositore europar ezagutzeak europar klasikoen altzora ekarri zuen. Japoniar zinemako musikagile izateak eman dio osperik gorena, baina kontzertu-musika andanaren egile ere bada. Bere “Laminen hurbiltasuna” konposizioa eskaini ziguten. Debussyren eragin garbia du. Jarraian, Arvo Part estoniarraren “Fratres” obra eskaini ziguten. Obra arraro bezain ederra dugu. Azkenik, M. Ravelen sonata eskaini ziguten. 1922tik 27ra artean idatzia da. Allegreto mugimenduak autorearen ohiko musika gogora ekartzen badigu ere, bigarren Bluesera igarotzean beste giro bat sortzen du, Ipar Amerikakoa, malenkonia koloreatua, estiloa eta sonoritatea nahasten dituelarik. Hirugarren mugimendua, goi birtuosismoaren eredu da. Interpreteak ezin hobeto jardun ziren. Amaitzean, jendearen txaloei amore emanez, bi eskupeko eskaini zizkiguten.