KORTXOENEA EDUKIEN LAPIKOAK SU GAINEAN BORBORKA JARRAITU NAHI DU
Jendeak asko eman eta egin du Kortxoeneagatik baina, makinek eraisketarekin mehatxatu zutenean emandako erantzuna ikusita, espazioak berak bueltan gehiago eman diela pentsa daiteke. Bizirik dagoela erakusteaz gain, hiltzeko asmorik ez duela azaldu du.

Urte luzez erabat abandonaturik egon den eraikina makinek suntsitu nahi zutela azkar zabaldu zen Gros auzoan, baita Donostian ere. Erabiltzaileen erantzuna tamainakoa izan zen eta haiei esker jakin zen asmoarekin aurrera jarraitzeko beharrezkoak ziren baimen guztiak ez zirela betetzen, zehazki segurtasunari zegokionez. Kortxoeneari eragindako zauriak sendatzen berehala hasi ziren.
Astebete igaro da geroztik eta eraikinaren bueltan egon den mugimendua nabaria izan da, baita gertaerak salatzeko deitutako manifestazio, prentsaurreko eta beste ekintzak ere. Jendeak indarrak metatu ditu bost urtez, eta autogestioaren bidez, gazte eta ez hain gazteen agendan egotea lortu duen proiektuaren inguruan.
Esan bezala, bost urte eman ditu kultura, feminismoa, ekologia eta beste hamaika gai jorratzen. Beste hainbeste izan dira eskaini dituen tailer, kontzertu eta hitzaldiak. Pentsatzekoa da, beraz, handik pasatu diren eragile, artista eta adituak zenbaezinak direla.
Hain justu, Kortxoeneko «oholtza» gainetik pasatu direnek ez dute egoera salatzeko aukera galdu nahi izan eta mutu gelditu beharrean, adierazpen baten bidez euren babesa agertu zioten atzo proiektuari. “Kortxoeneak elkartu gaitu” izenburupean, bost urte hauetan bertatik igaro diren kultura arloko 72 gizon-emakumek sinatu dute dokumentua. Besteak beste, Anari, Mursego eta Fermin Muguruza musikariek, Eneko Olasagasti zinemagileak, Dizebi grafitigileak, Iban Zaldua idazleak, Klara Badiola aktoreak, Donostiako Piratak mugimenduak edota Santi Eraso kultura kudeatzaileak eman dute euren sostengua.
Atzo argitara ateratako manifestuan salatu zutenez, Kortxoeneak «Donostiako kulturari bost urtetan eman diona nekez kalkulatuko dute inpaktu sozial, kultural eta ekonomikoaren neurgailu modernoenek». Ildo horretan, Kortxoenea bezalako «proiektu kultural landu, autogestionatu eta zabal bat enpresa eraikitzaile baten interes hutsengatik suntsitua izatea» kritikatu zuten.
Jende ezberdina batzeko izan duen gaitasuna ere goraipatu zuten: «Antzerkigile profesional eta amateurrak, anarkista kontrakultural eta kultur teknikariak, bizilaguna, eta Bilbo, Iruñea edo auskalo nongo lagun zaharra, hipsterrak eta zaharrunoak –esan zuten–. Egiazki, ez da erraza aurkitzen halako aberastasuna izan duen kulturgune bat Donostian».
Donostia 2016
Harridura agertu zuten eraisketa saiakera Donostia 2016 kultur hiriburutza abiatzeko hilabete eskas batzuk baino falta ez direnean gertatu delako, eta proiektu horrekiko dituzten «zalantzak areagotu» baino ez direla egin onartu zuten: «Donostiak 2016an –eta aurrerantzean– espektakuluaren kulturaren hiriburu baino zerbait taxuzkoagoa izan nahi badu, konbentzituta gaude ezinbestekoak izango zaizkiola Kortxoenea bezalako proiektuak; horiek sustatu eta babestea».
Honengatik guztiagatik, Donostiako Udalari dei egin zioten, «adeitasunez», kulturgunearen biziraupena berma dezan «berandu baino lehen».
Babes keinuek jarraipena izan zuten egunean zehar. Bazkari herrikoiaren ondoren, Mursegok kontzertua eskaini zuen eta arratsaldean Bulebarretik manifestazio jendetsua abiatu zen. Gaur, estropaden egun handian, Fermin Muguruzak eta Bad Sound System-ek joko dute. 15.00etan egingo dute kalejira Alde Zaharretik Kortxoenera.
Donostian Kortxoenearen alde egiten zuten une berean, ehunka lagunek Bilbon beste hainbeste egin zuten, “Kukutza defendatzeagatik, zigorrik ez” lelopean orain lau urte kulturgunea salbatu nahi izateagatik epaituak izango diren hemeretzi pertsonei babesa agertzeko. Epaiketa bihar hasiko da.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
