Mehatxua, norentzat?
Ez dakit nik zer itxura duten merkatuek, eta ez naiz azoka guneez ari, herrialdeetako ekonomiak erabakitzen dituzten horietaz baizik. Giza itxura dute, nonbait. Nik ez dut egundo bat bera ere ikusi, baina badakit ikaratu egiten direla, eta kikildu, edo adoretu eta harrotu, beren gustuko gobernuak ezartzeraino, zenbait herrialde, eta hango herritarrak, pobretzeraino. Are gerrak pizteraino ere.
Merkatuak gaixoberak dira, eta arreta handia behar dute, horregatik txitean-pitean osasun testak egiten dizkiete, gripeak jota edo marrantatuta baino ez dauden jakiteko. Batzuetan merkatuen doministiku batek eurak bezain garrantzitsuak ez diren gizaki askorentzat ondorio larriak izaten ditu.
Merkatuek, eta hau da gakoa, askatasun handia behar dute, gizaki arruntok baino askatasun handiagoa; areago, gizaki arrunton eskubide asko ere bertan behera uzten dituzte, baldin hazkunde ekonomikoa eragozten badute.
Hau guztia ez da berria, ordea. Neoliberalismoa esaten zaio, ongizate estatua hazkunderako kaltegarria zela konturatuta, hastapen liberal klasikoetara jo zuena orain dela hiru hamarralditik gora. Orduan hasi ziren politika neoliberalak ezartzen AEBetan eta Britainia Handian. Azken urteotako krisi ekonomikoa haren ondorio da.
Honen guztiaren erantzule nagusietako bat Margaret Thatcher izan zen, eta haren gaurko oinordekoak, hura bezala alderdi bereko lehen ministro David Cameronek, esan berri du Alderdi Laborista, Jeremy Corbynen gidaritzapean, mehatxua dela.
Cameronek ordezkatzen duena dagoeneko ez da mehatxua. Hondamendia da.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
