Alfontso DIEZ

Korri, euskaraz bizitzeko

Laugarren urtez, Kontseiluak antolatuta, “Euskaraz bizi nahi dut” herri lasterketak egingo dituzte egunotan. Lehendabizikoa gaur bertan izango da, Barakaldon (11.30ean abiatuko da, Arrontegiko auzotik), eta gero herri ezberdinetan egitekoak dira abendura bitartean. «Euskaraz bizitzeko nahiaren inguruan elkarlana bultzatzea da ekimenaren xedeetako bat. Horregatik, euskalgintzarekin batera, herri bakoitzean kirol munduko eragileak aritu dira antolatze lanetan», azaldu zuen atzo erakunde euskaltzaleak prentsa adierazpenean.

Baina euskaraz bizitzeko nahia sustatzeaz gain, kirola egitearen garrantzia eta talde lanaren beharra ere nabarmentzen dira herri lasterketon bidez. «Herrian eta alor desberdinetan lanean aritzen diren talde zein norbanakoak elkarlanean aritzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Hainbat lekutan, kirol arloan dabiltzan eragileen eta euskalgintzaren arteko harremanak sendotzea ekarri dute», zehaztu zuen.

Barakaldokoaren ostean, datorren asteburuan bertan Iruñeko, Mungiako eta Markina-Xemeingoaren txanda izango da: aurrenekoak larunbatean (10.30ean eta 11.45ean) eta hirugarrena igandean (16.45ean).