Jon LEUNDA
Entrevista
MIKEL SAIZAR
FUTBOL ATEZAINA

«Behin Bigarren Mailara jaitsita, gauza berriak probatu nahi nituen»

Gauza berriak probatu eta leku berriak ezagutu; gogo horrek eraman du Mikel Saizar Ziprera, hango Aek Larnaka taldera. Atezain bikaina, futboleko maila guztiak ezagutu ditu Espainiako Ligan. Orain, Ziprekoan tituluren bat irabazi eta Europarako sailkatu nahi du. Kasualitatea ala ez, Sansen berarekin batera atezain izan zen Toño Ramirez ere talde berean dago.

Mikel Saizarrek bere bizitzako atal berri bati eman dio hasiera Zipren, hango Lehen Mailan jokatzen duen Aek Larnaka taldera joan baita aurtengo udan, Kordoba utzita. Aurretik, Tolosan, Athleticen, Realean, Real Unionen, Pontevedran, Leonesan eta Gudalajaran ere aritutakoa da Ibarrako atezaina.

 

Nolatan joan zara Kordobatik Ziprera?

Bigarren Mailara jaitsita, beste zerbait probatu nahi nuen, berria, eta Aek taldearen eskaintza jaso nuen. Hemen Ander Murillo zegoen, Athleticen elkarrekin egon ginen, eta harekin hitz egin nuen, eta aukera ona zela esan zidan. Familiarekin hitz egin nuen, eta aukera ona zela ikusten genuen, eta Kordobari esan nion zer pentsatzen nuen. Erraztasun guztiak eman zizkidaten joateko eta hemen nago.

 

Zer aurkitu duzu?

Gauza onak. Hemen taldearen erdia Espainiako Ligan aritutakoa da; beraz, alde horretatik hizkuntzarekin eta arazo gutxiago dut. Ingelesa ikasi nahi nuen, baina horrela zailagoa da. Aldagelan sartzea errazagoa izan da. Maila aldetik uste baino hobea. Kanpotar asko gaude, eta maila oso altua dago. Gainera, Europa Ligueko kanporaketak jokatu ditugu, eta horrek ere erakartzen ninduen.

 

Hala ere, beti esan duzu Kordoba berezia izan dela zuretzat, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Urte oso onak bizi izan ditut. Lehen Mailara nire bizitzan aurreneko aldiz han igo nintzen, Lehen Mailan aurreneko aldiz Kordobarekin jokatu dut. Jasotako tratua ere oso ona izan da. eta nire alaba ere han jaio zen. Gauza horiek betirako geratzen dira.

 

Ziprera joan, eta orain dela urte batzuk Sansen zeundeten bi atezainek egin duzue topo Aek-n.

Bai, horrelaxe da. Toño Ramirez eta biok batera egon ginen Sansen, eta urteak pasatu eta berriro ere topo egin dugu talde berean. Lehen ere oso ongi moldatzen ginen, eta orain ere bai.

 

Gainera, biak ari zarete jokatzen, ezta?

Bai. Entrenatzaileak ere espainiarrak dira, eta aldaketa asko egiten ditu partida batetik bestera. Oraingoz biok ari gara jokatzen, eta alde horretatik ere oso gustura nago.

 

Hor zeuden jokalariak lehendik ere ezagutzen zenituen?

Asko bai. Espainiarrekin euren aurka askotan jokatuta nengoen, batzuekin behintzat, eta gero euskaldunekin, aurrez esan bezala, Athleticen egon nintzenean, batera egoten ginen erresidentzian Murillo eta ni, eta Realean, berriz, Ramirez nirekin egon zen. Horrek asko errazten dizkizu bideak. Etorri aurretik ere segurura etorri nintzen. Ezin duzu besterik gabe familia hartu eta alde batetik bestera mugitu, eta erabakia hartu aurretik, eurekin ere hitz egin nuen. Baiezkoa eman zidaten eta, egia esan, ez naiz damutzen.

 

Herrialdeak ekonomikoki izan zituen arazoak ez zizun kezkarik ematen?

Horixe zen burura etorri zitzaidan lehena, baina hemen ez dut arazorik izan. Une honetan hemengo taldeak Espainiako Ligako gehienak baino hobeto daude diru aldetik. Hemengoek, gainera, orduko hura kanpoan zabaldu zen bezainbestekoa ez zela izan esaten dute.

 

Eta bizitzeko zer aurkitu duzu?

Leku ederra. Bero egiten du oraindik. Azken egun hauetan ere 30 gradutik gora egin ditu, baina alde horretatik Kordoban baino hobeto. Han ere bero latza egiten zuen egunero garai honetan, eta hondartzarik ez genuen. Egiten duen beroa kontuan hartuta, entrenamenduak iluntzeetan egiten ditugu. Hondartza ondoan bizi naiz, eta horrek egunero umeekin hondartzara joateko aukera ematen dit.

 

Eta hizkuntzarekin?

Egia esan, aldagelan espainola da gehien erabiltzen duguna. Ingelesa ikasi nahi nuen hemen, baina ez dakit lortuko dudan. Bertako hizkuntzarekin jadanik moldatzen hasita nago, ingelesa baino errazagoa da, niretzat behintzat.

 

Zer dauka Ziprek Espainiako Ligan eta Portugalekoan ari diren horrenbeste jokalari erakartzeko?

Bi liga horietan talde asko eta asko ekonomikoi gaizki edo larri dabiltza, eta hemen une honetan gauzak ongi daude. Taldeek ordaindu ongi eta seguru egiten dute, eta liga, berriz, hazi eta hazi ari da.

 

Zein da aurtengo helburua?

Liga irabazteko borroka horretan ibiltzea, eta nola ez, Europako lehiaketetarako sailkatzea. Iaz bigarren atera zuen Aekak, eta aurten irabazi egin nahi dugu.

 

Jendeak erantzuten du zelaian?

Larnakak 80.000 biztanle ditu, eta lau talde daude Lehen Mailan. Guri 4.000 inguru joaten zaizkigu partidetara. Ez dira asko, baina neurketa osoan ez dira isiltzen. Asko laguntzen dute.