GARA
DONOSTIA

Ekintzailetza %3,6 hazi da EAEn, krisi aurreko %5etik urrun egon arren

Atzo Donostian aurkeztutako Euskal Autonomia Erkidegoko «GEM CAPV 2014» txostenak dioenez, euskal ekintzailetza-jarduerak «suspertze arin bat» izan du 2014an, %3,65 hazi baita, baina oraindik ez da krisi ekonomikoaren aurretik zegoen %5eko tasara iristen.

Euskal Autonomia Erkidegoko “Global Entrepreneurship Monitor (GEM CAPV 2014)” txostena, ekintzailetza-jardueraren diagnosia egiten duena, aurkeztu zuten atzo goizean Donostian. Zehazki, ekintzailetza-jardueraren mailak, TEA (Total Entrepreneurial Activity) indizearen arabera neurtuta, erakusten du 18 eta 64 urte arteko euskal biztanleen %3,65 negozio bat abian jartzen edo kudeatzen aritu direla azken 42 hilabeteetan (3 urte eta erdian); 2013an %3koa zen kopuru hori.

Hala ere, GEM CAPV taldearen ustez, euskal ekintzailetza-jarduera «indartzen jarraitu beharra dago», 2014ko tasa hori oraindik ez baita iristen krisi ekonomikoa hasi aurreko %5era. Espainiar Estatuan %5,47an dago. Per capita BPGaren eta ekintzailetza-jardueraren arteko erlazioak (TEA) erakusten du Euskadik Alemania, Belgika, Estatu frantses eta Japoniaren antzeko jokabidea duela.

Gainera, finkatutako enpresen ehunekoari begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoa hamargarren lekuan dago berrikuntzan oinarrituriko ekonomien ingurunean.

Euskal ekintzailearen profilari dagokionez, aurreko urteetakoen gisakoa da: 35 eta 54 urte arteko gizonezkoa, goi-mailako ikasketak egina eta errenta handikoa, aukera bat atzeman izanak motibatua. Halere, 2010etik aurrera gehituz joan da halabeharrak eraginda ekiten dioten pertsonen kopurua. Halaber, emakumezko ekintzaileen tasak gizonezkoen tasaren azpitik egoten jarraitzen du, nahiz eta tartea murriztu den.

Finantzaketari dagokionez, negozio bat martxan jartzeko beharrezko «hazi-kapitalean» atzerakada sumatzen da 2014an, 2013ko 50.000 eurotik 2014ko 30.000 eurora pasatu baita.

Ekintzailetza-jardueraren %80,3 zerbitzuen arloko ekinbideei dagokie; eta %23,3 ezagutzan intentsiboak diren zerbitzu-negozioak dira. Negozio berrien egungo tamaina batez beste bi langilekoa da, eta horrek aurreko urtetik hazi egin dela erakusten du.

Gainera, nazioarteko orientabidea hobetu egin da; izan ere, hasierako fasean dauden ekintzailetza negozioen %21,6k bezeroen %1 gutxienez atzerrikoak baitituzte.