Garaño: «Hautagaitza euskarazko zinemagintzarena ere bada»
Sorpresaz eta euforia puntuz jaso zuten Moriarti ekoiztetxean bildu zirenek Zinema Akademia espainolak Oscar sarietarako «Loreak» hautatu izanaren berria. Badakite Akademia estatubatuarrak aukeratu eta Oscar sarietan egotea zail dutela, baina hautagaitza euskarazko zinemaren osasunaren erakusgarri dela uste dute. Hori da sari handiena.

«Bagenekien gaur zirela erabakia ematekoak eta Periscope bidez jarraitu behar genuen ekitaldia, baina azken unean aplikazioak huts egin digu... Konexioa galdu eta urduritzen hasi gara, eta Twitterren mezu bat irakurri dugu, ‘Loreak’ soilik esaten zuena. Aipamena egin diotela uste genuen hasieran, baina ez: hautatua izan da! Ero moduan jarri gara, elkar besarkatzen, saltoka... ikaragarria izan da». Hala deskribatu zuen Jon Garañok Zinema Akademia espainolak Joxe Mari Goenagarekin batera zuzendu zuen “Loreak” filma Oscar sarietarako hautatu duela jakin zuteneko unea.
Festa lehertu zen Moriarti ekoiztetxean, eta ez da gutxiagorako: iaz Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzen zuen euskarazko lehen filma bilakatu zenetik, sariz sari eta jaialdiz jaialdi ibili dira taldekideak eta, «inondik inora» espero ez bazuten ere, Akademia espainolak Oscar sarietarako hautatzen duen lehen euskarazko filma ere izango da. «Ez dakit euskaraz filmatua izatea kalterako edo mesederako izan den. Askorentzat arraroa izango da hautatua euskarazko film bat izatea, beste batzuentzat izango du bitxitasun interesgarri bat... Sinetsi nahi dut jende gehienak ez diola garrantzirik eman eta filma bera baloratu duela. Argi dagoena da kalterako ez dela izan», azaldu zuen Garañok.
Akademia espainolaren ataka pasatuta, orain estatubatuarrak hautatu behar du “Loreak” Oscar sarietan atzerriko hizkuntza batean egindako film onenen kategorian lehiatzeko: «Eta hori beste kontu bat da. 60-70 herrialdetatik film bana joango da Hollywoodera eta hor berdin du filma Mozambikekoa, Mongoliakoa edo Txilekoa den; hango akademikoek erabakiko dute, euren iritziz, zein den egokiena edo onena». Azken fase horretan lehiakide izango dituenei begira, aurtengoa «zine maila handiko urtea» dela esan zuen Garañok –Argentinak hautatu duen “El Clan” filma jarri zuen adibide– eta bidea ez dela erraza izango. Hala ere, Oscarretarako txartela lortu ala ez jada sarituak sentitzen direla onartu zuen: «Batetik, honek balioko duelako ‘Loreak’ jende gehiagok ikusteko, eta filmak horretarako egiten dira. Bestetik, nazioarteko merkatuan atentzioa erakartzeko ere balio dezakeelako, eta hori ere garrantzitsua da».
“Loreak”-i egin zaion aitortza hau nolabait euskarazko zinemagintzaren «osasun ona»-ren adierazle ere bada, Garañoren iritziz, eta, beraz, «saria horiena ere» badela: «Aurtengo Zinemaldian ikusi ahal izan ditudan euskarazko filmek kristoren maila eman dute. Sail Ofizialean egon da ‘Amama’, film guztiz eder eta sinbolikoa; “Pikadero” film berezia, zine fresko baten adierazle dena; gaztelaniaz egina den arren guztiz euskalduna den ‘Un otoño sin Berlin’... Edota ‘Walls’, ‘Jai Alai Blues’, ‘ Gure sor lekuaren bila’... Film interesgarriak egon dira Zinemaldian eta hori zerbaiten adierazle dela ezin da ukatu. Zentzu horretan oso pozik gaude, iruditzen zaigulako hautagaitza hau gure filmarena dela, baina baita euskal zinemarena, eta batez ere euskarazko zinemarena».

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
