G. M. ZUBIARRAIN
BIARRITZ
Entrevista
MAURICE DEMATTEIS
ADIKZIO SAILBURUA GRENOBLEKO OSPITALEAN

«Joan-etorriko harremana dago loaren eta adikzioaren artean, hor dugu zer ikertu…»

Bi urtetik behin egiten diren topaketetan, 600 bat aditu aritu dira gogoetan Biarritzen mendetasunaz, toxikomaniaz, hepatitisaz eta hiesaz. Atzo amaitu zen ATHS 2015, baina aretotik aretorako etengabeko joanean tartetxoa eskatu diogu loa eta adikzioa aztertzen jardun den gizonari.

Gai asko izan dira eta dira mahai gainean Bellevue kasinoko aretoetan: Nazio Batuen Erakundearen droga politika, drogak medikuntzan, alkohola, cannabisa, hepatitis gaitzaren tratamendua… Sarri aipagai izaten ditugun gaiak. Arreta, bereziki, elkarren ondoan nekez ikusten diren bi hitzek piztu digute: loak eta adikzioak zer zerikusi dute?

Barra-barra erabiltzen dugu adikzio hitza gaur ia edozeri deitzeko. Nola definituko zenuke zuk?

Adikzioa, oroz gain, portaera bat da, ez halabeharrez produkturen baten irensteak eragindakoa. Adikzioaz mintzatzen gara norbaitek portaeran arazoa duenean. Hor beti dago kontrol galera bat, konpultsibotasuna, ondorioak edozein izanagatik berean tematze bat, nahiz eta horretatik sufrikario psikiko nahiz fisikoak eratorri.

Plazera aurkitzeak eramaten du maiz adikzio egoerara, baina gero, azkenean, harreman horrek ondoeza eta ezinegona dakar, eta, hala ere, errepikatu egiten da. Hori da adikzio egoera baten ohiko koadroa.

Mendetasun egoera ugariz ari beharko genuke hortaz, ez substantzien kontsumoak eragindakoez soilik…

Hala da. Berdin dio zein den substantzia, beti jarrera erregistro berarekin topatzen gara. Helburu bera bilatzen da, harreman zirkuitu berak topatzen ditugu. Noski, adikzio mota ezberdinak badira. Produktuaren izaeraren arabera, adikzio bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, efektu jakin batzuk ekarriko ditu. Baina jarrera erregistro hori hor izango da. Produktuarekiko harremana interesatzen zaigu, ez produktua.

Adikzioa eta loa goiburudun tailerrean hizlari aritu zara zu. Zergatik lotu dituzue biak?

Joan-etorriko harreman bat dagoelako horien artean, bi norabidetakoa. Adikzio guztiek, noizbait, loa aztoraraziko dute. Loa aztoratzen denean pertsona ahuldu egiten da, eta pertsona ahulduta dagoenean, bereziki fisikoki, deprimitua egongo da eta produktu batzuen kontsumoan bila dezake ezinegon hori nola hala asetzeko era. Zirkulu biziatuan sartzea dakar horrek.

Larriena zera izaten da, ordea, maiz, nahiz eta adikzioaren jarrera bideratu, loaren arazoak iraun egiten duela. Beste ziklo bat da loa bere onera itzultzea. Horrek, adibidez, atzera lehenean erortzea erraztu dezake.

Nola egin beharko genieke aurre egoera horiei?

Batzuetan lo egin ezina bera izan daiteke adikzioaren iturburu. Horrexek eraman dezake botikak kontsumitzera edo alkohola eta cannabisa hartzera, baita opiazeoak ere kasurako. Bestetan, aldiz, adikzio jarreraren ondorena izango da lo egin ezina.

Lo arazo horiek ez dira kasualitatez etortzen, beren arrazoia izaten dute. Hori guztia aztertu behar dugu osotasunean, elkarren arteko harreman horiek xehatu behar ditugu. Adikzio egoera batez arduratzea benetako ikerketa lana izaten da.

Hiru agente bereizten dira adikzioan: pertsona batetik, produktua bestetik, testuingurua azkenik. Ez al da maiz errora joan ordez, jarrera hori sustatu duen testuingurura alegia, aterabide farmako-terapeutikoa bilatzen?

Ingurunea giltzarri da. Adibidez, menpekotasun bera duten ingurukoen presioa izaten da. Utziagatik ere, lehenean erortzea errazten du horrek.

Bestetik ezin ahaztu faktore sozio-politikoak. Lanik ez badu, familia girorik ez badu, bakardadeak erasanda badago… horrek denak norbait adikziora bultza dezake. Pazienteek oso ongi deskribatzen didate egoera: beste zereginik ez dutenez, hutsune hori betetzeko zerbait egin behar… kontsumitu! Aktibitate bat da azken batean.

Baina hutsune hori bete ezean, bost axola dio zer kontsumitu, ez da ezer aldatuko. Sakoneko arazoak hor segituko du.

«Mugak apurtu ditu gaurko jendarteak»

Jendarte modernoaren gaitza al da lo egin ezina?

Hala da. Gure jendarteak ez du loa errazten. Dena egin nahi dugu, eta noiznahi. Badaiteke hori egitea gainera. Horrexegatik biderkatu dira produktu baten kontsumo zuzenarekin zerikusirik ez duten adikzioak azken urteotan. Noiznahi eros dezakegu interneten, bideojolasean nahi arte aritu, sexua Interneten nahi eran topatu, benetan dirurik ez izanagatik txartelarekin mugagabe erosi…

Loak eskatzen duen nola-halako bizitza erritmoaren diziplina hori gaurko bizimoduarekin uztartzen ez da erraza. Egungo jendarteak, alde horretatik, adikzioak errazten dituela baiezta genezake.

Geure bizi erritmoaz gogoetatzea ezinbestekoa dugu, hortaz?

Azken batean, arestian aipatu guztiak jabearazi beharko gintuzke zeinen garrantzizkoa den bai gure eguneko jardunaren erritmoa bai gauekoa ere kontrolatzea.G.M.Z.