Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Udazkenean udazkenekoa

Udaren azkenean gara, udazkenean. Basoak kolore bizietan. Hurbileko legebiltzarrak ponentzia grisetan. Pinudiak esnegorritan. Etakideak mikrobusean. Ikasleak ikasgeletan. Behiak belartzako azken belarretan. Irakasleak ikasgeletan. Herri berantiarrak azkeneko jaietan. Frontoiak txapelketa berrietan. Iheslariak trenbide bazterretan. Satorrak lozorroan. Hainbat politikari satorretan. Antizikloiak ihesean. Hegazkinak bonbetan. Arazoak goi bileren erakusleihoetan. Konponbideak itxarote zerrendan. Hondakinak konpostean. Errefusak “horkonpostean”… Beheko Estatu antzeko haren konstituzio moduko hura moketaren bero transgenikoan…

Besarkada beroa “Korta” gertuko adiskide nafarrari! Ezker onak zuri, naturari eman diozun aupadagatik. Nondik eta izena gogora ekarri nahi ez dugun ganbera hartatik. Gainbehera doan ganberatik. Kristaua ez izan arren pulpituan maisu! Ostia gero! Hara! udazkenean udazkenekoa, hostoak eta orriak zuhaitzetan erortzen hasiak! Politikaren basoetako zuhaitzek hosto erorkorrekoak behar dute izan, udazkeneko koloreek urte osorako bizitu ditzaten, zuhaitzek basoa ezkutatu gabe. Zuhaitzak aldian-aldian berritu daitezen, basoak berak eraberrituz; taktika eta estrategia, edo. Lurzoruak aldian-aldian sustraitu daitezen. Azken finean, gizarte guztiek dute lurzorua euskarri, eta mantenugai; batzuek zementua, eta saltoki handia, lehenetsi arren. Amen.

Tira, hostoen orrira! Hango, horko edo hemengo konstituzio baten orri batzuk berez erortzen ez badira udazkenean, borondatez erorarazi beharko, di-da!

Ustelkor diren orriak! Pulpitutik ere! Batzuentzat ondarea, hondarra besteontzat. Zuhaitz desberdinak dauzkagu, bai, eta baso diferentetan. Hortaz, bide orri batean bide asko zabaldu behar bai, baina hainbat orri bota ere.