GARA
DONOSTIA

Gibelalderen barkamen eskaera ez dela nahikoa diote LAB eta Ernai erakundeek

LAB sindikatuko eta Ernai gazte erakundeko kideak Adegiren egoitza aurrean elkarretaratu ziren atzo, elkarte horretako presidente Pello Gibelaldek gazteei buruz egindako adierazpenen ondoko barkamen eskaera ez dela nahikoa esateko eta haren dimisioa eskatzeko.

LABeko ekintza sindikaleko arduradun Garbiñe Aranburuk esan zuenez, Gibelalde «azalean geratu da eta ez da sakoneko kontuetan sartu; horregatik bere barkamen eskaerak ez du ezer konpontzen». Bere iritziz, Adegiko lehendakariaren hitzak «onartezin eta iraingarriak» dira, gazteei leporatzen baitie bizi duten prekaritate egoera, «baina ardura patronalaren diru-gosea da».

LABeko ordezkariak positibotzat jo zuen Angel Toña sailburuak eta Denis Txaso Gipuzkoako diputatuak adierazpen horien kontrako jarrera azaldu izana, baina EAJko gainerako arduradun politikoen isiltasuna kritikatu zuen.

Horretaz gain, Confebask patronalak oraindik hitz horiek salatu ez dituela-eta, datorren ostegunean egitekoak ziren bilera zalantzan dagoela aditzera eman zuen.

Atzoko protesta ekintzan, LAB eta Ernaiko kideek «Gibelalde esplotatzaile» leloa zuten kartelak erakutsi zituzten Ertzaintzak babestutako Adegiren egoitza aurrean.

Bestalde EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak ere Gibelalderen hitzekiko desadostasuna adierazi zuen, euskal gazteak «ez daudela eserita eta eroso» esanez, baizik eta «edozein tokitan borrokatzeko prest».