Jonathas laguntzeko dago
Brasildarrak Agirretxerekin «oso ongi» moldatzen dela dio eta normaltzat jo du dagoen lehiakortasuna.

Imanol Agirretxek Zubietan hitz egin eta hurrengo egunean, taldeak atseden eguna zuela baliatuz, klubak Jonathasi egindako elkarrizketa bat eskegi zuen bere webgunean. Denboraldiko fitxaketa nagusietako bat izanik, beti egon ohi da kezka jokalariak kiroltasunez hartuko ote duen titular ez izatea, eta bere adierazpenak entzunda, badirudi aurrelari brasildarra ere laguntzeko prest dagoela.
«Asko pozten naiz beragatik –dio, Agirretxek sartu dituen golei buruz galdetuta–. Kalitate handiko jokalaria da, mutil jatorra, eta oso ongi moldatzen naiz berarekin. Laguntzen saiatzen da nik jokatzen dudanean, eta ni ere bai berari, alderantziz bada. Horrela izan behar du taldearen onerako», argi utzi du Elx taldetik iritsitako jokalariak.
Izan ere, lehiakortasuna normaltzat jotzen du aurrelariak goian ibili nahi duen talde batean: «Bizpahiru aurrelari gaude, denak goi mailakoak, eta horixe da edozein taldek beretzat nahiko lukeena. Elkarri laguntzen saiatu behar dugu, bakoitzak bere mailarik onena eman dezan, eta pertsonalki ere horixe da nire helburua, nire onena emateko gai izatea zelaian».
Donostian «oso pozik» bizi dela dio, eta normala den moduan jokatzeko irrikaz omen dago egun batzuk bere bisa eguneratzen Brasilen igaro ostean. «Dena konponduta dago jada, eta nire nahia ahalik eta azkarren bueltatzea zen, taldekideekin entrenatzeko. Lehenbailehen hartu nahi ditut taldearen eta hiriaren ohiturak, eta jendeak nire golekin eta taldearen garaipenekin gozatzea nahi dut».
Izen handiko taldeen zain
Igandean Atleticori irabaztea litzateke sendagairik onena Realaren bidea zuzentzen hasteko, eta Jonathasek ere halaxe irizten dio. «Talde handia da, oso lehiakorra, eta denok nahi dugu bere kontra jokatu. Badakigu oso zaila izango dela irabaztea, baina era berean garaipena lortzeak gauzak beste era batera ikusteko balioko liguke. Ez gara garaipen soil batekin konformatzen, baina hau garrantzitsua litzateke guretzat», uste du.
Gainera, iaz gertatu bezala, izen handiko taldeen aurka jokatzeak jokalariei motibazio gehigarria emango diela dio brasildarrak, «hasieratik erabat kontzentratuta irtengo gara».
Atseden egunaren ostean, taldea gaur 11.00etan itzuliko da lanera Zubietan, ateak irekita, eta begiradak Iñigo Martinezen sasoian ipinita.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
