GARA
Entrevista
TUTERAN ZEZENA BOTA ZUTEN EKINTZAILEAK
ERNAIKO KIDEAK

«Zuk hortik tira, nik hemendik, eta azkenean eroriko da»

Gazteen aburuz, Nafarroan zutik zirauen azken zezenaren eraisketak «indarkeriaren bidez eraikitako estatu-aparatu guztiak ere erortzeko bidean daudela islatzen du. Denok norabide berean bultza eginez gero, inposizio guztiak amaitzea lortuko dugu». Ekintza sinbolikoarekin, ekarpena egin, «desobedientzia eta irudimena» aldarrikatu, eta gazteria «borrokalaria» agerian jarri nahi izan dutela esan diote GARAri.

«Espainiarekin apurtzeko, gazteok bagoaz!» ekimenaren barruan kokatzen da 14 metro eta lau tonako Tutera ondoko ikurraren eraisketa. Ekintzaileek GARAri kontatu diotenez, Kataluniako frontea ikusita, Euskal Herrian bigarren bat ireki dadin ekarpena egitea izan da asmoa. Noiz eta «espainiartasunaren inposizioaren» egunaren, urriaren 12aren, inguruan.

Ernaiko neska-mutilek bi eredu ikusten dituzte: «Genozidioa» eta «espainiartasuna goraipatzen dutenena» batetik, eta urriaren 12a «herrien zapalketaren ikurtzat hartzen dugunona», bestetik.

Nafarroan zutik gelditzen zen azken Osborne zezena bota dute. «Bi eredu horien arteko talkan bizi gara bertan: erregimena instituzioetatik kanporatua izan da, baina bere eredua iraunarazi nahian dabil eskura dituen bitartekoekin: ‘Diario de Navarra’, Polizia, Opus...». Bitartean, «herri berri bat eraikitzeko» eta beste eredu bat abiatzeko asmo sendoa dute gazteek.

«Zezenak gurea ez den eredu hori irudikatzen du». Hortik berau jomugatzat hartzea. «Ekintza sinboliko» honek espero ez zuten dimentsioa hartu duela onartu dute. Eta Izquierda-Ezkerra taldea «gaitzespen estrategian sartzeak» harritu ditu. «Salatzekoa iruditzen zaigu sektore batzuk ‘buruak eskatzen’ hastea, beste gauza batzuetan mugitzen ez direla kontuan hartuta: etxegabetzeak, dietak, ate birakariak...», erantsi dute gazteek.

Politikan eragin nahian

«Erregimenaren indarren ezinegonari» egozten diote jarrera hori. «Ekintza guk egin genuela esan genuenetik lotu dute ‘Sorturen gazteriarekin’. Ezker abertzaleko antolakundea gara, baina autonomia dugu eta gure ekintzen ondorioak gure gain hartzen ditugu», argitu dute. Eraisketa beren gain zergatik hartu zuten galdetuta, erantzun dute hori eztabaidatu zutela eta aurrera jo zutela, «xedeak merezi zuela pentsatuta: ekintza kokatu nahi genuen, panorama politikoan eragin eta eztabaida zabaldu».

Dozena bat lagunek hartu zuten parte, «mutilek eta neskek, parekidetasunez». Zerra txikiekin 24 mozketa egin eta denek soka bati tiraka bota zuten sinbolotzarra, une oro segurtasuna zainduz. Lau ordu eman zituzten. «Sokak esanahi berezia du: zuk hortik tira, nik hemendik, eta azkenean eroriko da». Hau ere Kataluniarekin lotu dute eta ernaigazte.cc webgunean zintzilikatutako bideoak “L’Estaca”-ren doinua du.

Gaua zenez ez da ongi ikusten, baina toreroen kapela, montera, jantzita ageri dira, ekintzari umore puntua emanez. «‘Fary Operazioa’ izena jarri diogu. Ez dugu beldurrez egiten, baizik eta alai eta irudimentsu, beste sektore batzuen sinpatia lortzeko ere bai, eta lortu dugula uste dugu». Sare sozialetan izan den mugimendua horren erakusle. «Komentario pila izan du albisteak eta bideoak 45.000 bisita izan ditu, moztu duten arte». Atxikimendu eta babes handia sumatu dute eta «sortutako ilusioa» izugarri baloratzen dute.