Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Irlak», irakurleak «fikzioaren jokoan» sarrarazteko lanabesa

Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta eta bere bigarren narrazio-bilduman ere irakurlea xaxatu eta pentsamendua piztera bultzatu nahi du. Giza harremanak jorratzen ditu «Irlak» lan berriak eta, berarekin, irakurleak «fikzioaren jokoan» aritzera gonbidatu nahi ditu.

Filosofia irakaslea den aldetik, irakurlea xaxatzea, pentsamenduan eragitea eta kezkak esnaraztea izan ditu helburu Agustin Arrietak bere bigarren ipuin-bilduman, “Irlak” izenekoan. Orain zazpi urte kaleratu zuen “Istripuak” lehen fikziozko lanarekin antzekotasunak badituela aipatu zuen Arrietak, «hau ere bilduma baita eta barruan daramatzan kezkak antzekoak dira», baina lehengo hartatik alderik ere badela nabarmendu zuen liburuaren aurkezpenean: «Orduko hartan ‘istripu’ hitza zen giltza, denak ziren istripu edo ustekabeari buruzko kontakizunak. Hemen ez dut halako ideia orokorrik izan buruan baina, berrirakurtzean, gai nagusi bat izan dela ikusi dut: giza harremanak, horietan ditugun zailtasunak, horien edertasuna».

Hala, “Irlak” osatzen duten 34 narrazioetan zehar maitasuna, adiskidetasuna, zahartzaroa, belaunaldien arteko harremana, bazterketa edota inbidia hizpide duten kontakizunak aurkituko ditu irakurleak. Horiek idazteko erabili duen estiloa ere gaiak bezain anitza dela nabarmendu zuen Arrietak. Estilo bati lotu beharrean «askatasunez» eta uneak agintzen zion eran idatzi dituela azaldu zuen eta, hala, errealismotik zientzia fikziora edota umore beltzera doazen narrazioak eraiki ditu: «Generoa baino, begiratzeko modu bat dagoela esango nuke». Genero sorta horren atzean bere irakurzaletasuna egon daitekeela aipatu zuen, «horretan ere desordenatua bainaiz, oso gauza ezberdinak irakurri ohi ditut».

Filosofia eta fikzioa

Filosofiaren arloan hainbat saiakera argitaratutakoa da Arrieta eta, fikzioa eta saiakera elkarrengandik urrun daudela onartuta ere, helburu bera dutela hausnartu zuen: irakurlea xaxatu eta “fikzioaren jokoan” sarraraztea. «Narrazioen bidez ‘fikzioaren jokoa’ piztea nahi dut, irakurlea xaxatu eta kezka sortzea, adimena, irudimena, oroimena eta, oso inportantea dena, sormena bultzatzea». Irakurle bezala “fikzioen joko” hori sentitu duela ziurtatu zuen: «Hori gertatzen denean, idazleak helburua bete duela sentitzen dut».

Liburuari eman dion izenburuaren harira, Arrietak azaldu zuen gustuko duela irlaren irudia: «Irlak sakabanaturik daude, mundu isolatu samarrak izan ohi dira, harremantzeko itsasontzi eta komunikabideak behar dituztenak». Arrietaren iritziz, uhartearen irudi hori liburuaren izaerarekin bat dator.