Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Beldurrezko zinemagintza klasikora itzuli da Donostiako zinema astea

Santu Guztien Egunaren bezperan, hilaren 31n, eta berezitasun nabarmen batekin abiatuko da aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 26. edizioa: beldurrezko zinemagintza klasikora egin duen itzulia. Sail ofizialean lehiatuko diren hogei filmen artean «remake»-ak, 60ko hamarkadako kutsua duten lanak edota digitalizazioa alboratu eta tradiziozko efektu bereziez baliatu direnak ikusi ahal izango dira.

Santu Guztien Egunaren bezperan, Voodoo-Bia budu martxak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 26. edizioari eta horrekin irekiko da azaroaren 6ra arte Donostiako Alde Zaharra oihuz eta liluraz kutsatuko duen zinemaldia. Baita, Zinema Astearen arduradun Josemi Beltranen hitzetan, «gaztetasunez, nostalgiaz eta historiaz» ere: «Horiek izango baitira 26. edizio honetan emango diren filmen muinak. Eta, horrez gain, aurten generoaren esentziara itzultzeko aukera izango dugu, beldurrezko zinema klasikora».

Sail ofizialean hogei lan lehiatuko dira orotara; horien artean, nostalgiari eragiten dioten “Turbo Kid”, “Frankenstein” eta “I Am Your Father” (Star Wars sagari erreferentzia eginez), edota zinemagintza klasikora hurreratzen den “Martyrs” filmaren izen bereko remakea, 60ko hamarkadako zinemagintza oroitarazten duen “We Are Still Here” edota “Halloween” eta “Hole” erreferentzia hartuta beldurrrezko zinema klasikora jotzen duten lanak. Sail honetan euskal ordezkaritzarik ere egongo da, baina lehiaketaz kanpo. Katihotsak kolektiboak (“Ataun Of The Dead”-en sortzaileak) “Euskal Harriaren ABDak” aurkeztuko du eta Ruben Sainzek “La Semana (The Movie)”. Sail ofizialean umorerik ere ez da faltako: Monty Pythoneko kideek jarri diete ahotsa hasiera ekitaldian emango den Terry Jonesen “Ansolutely Anything” komediako estralurtarrei. Zinema Asteari amaiera, aldiz, Mark Neveldine estatubatuarraren “The Vatican Tapes”en eskutik joango da.

Film laburrek ere leku garrantzitsua bete ohi dute Zinema Astean eta aurten, orotara, 32 labur ikusi ahalko dira, 3 ataletan (nazioarteko saila, animazioa eta estatuko produkzioa) banatuta. Tartean, Euskal Herriko hiru lan emango dituzte: Aitor Oñederraren “I Said I Would Never Talk About Politics” (animazioa), Haritz Zubillagaren “The Devil on Your Back” (estatuko produkzioa) eta Kristina Zoritaren “Samina”, lehiaketaz kanpo. Film laburren maratoiak astelehen eta asteartean izango dira.

Dokumental faltsuen zikloa

Azken urteetan beldurrezko zineman oihartzuna hartu duen dokumental faltsuen arloari eskainiko dio Beldurrezko Asteak aurtengo zikloa eta orotara sei film ikusi ahalko dira, tartean Daniel Myrick estatubatuarraren “The Blair Witch Project” (1999), generoan aurrekaria ezarri zuen filma.

Horiez gain, urtero legez, haurrentzako sesioak (“Luke eta Lucy” eta “The Snow Queen”), erakusketak (“Star Wars” Aieten, Antonio Hitosen “Inercia” Fnacen, “Iberia FX” Okendon eta Mai Egurzaren “Euskadi Fantastikoa XI” Liburutegi Nagusian) eta ekitaldi paraleloak ere izango dira; Alde Zaharreko zenbait dendak “Kalabazaitez” ekimenean parte hartu eta fantasia eta beldurrezko giroa sortzen lagunduko dute.

Bestalde, Zinema Asteak, Donostia 2016rekin lankidetzan, Beldurraren Faroa osatu du. Asteburu honetan bertan ekingo diote Faroa osatzen duten ekimen sortari, Transmedia Weekend topaketan. Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan transmediari eta narratiba berriei buruzko solasaldiak, bideo-jokoen tailerrak eta “Paranormales” filmaren gaineko solasaldia izango dira. Izan ere, ekimen honen baitan filmatuko du Axelcasas youtuber-ak bere lehen filma izango denaren lehen sekuentzia, azaroaren 1ean Alde Zaharrean. «Zonbien itxuran makillatzeko prest dauden estra mordoa beharko ditugu, lortzen ez badugu digitalki egin beharko dugu», azaldu zuen zuzendariak. Gaineratu zuenez, low cost film hau «oinarrian misterioa duen komedia» izango da eta «sugestionagarria den eta denetarik pasatzen zaion jendea, realityetan ibiltzen diren horiek» izango ditu protagonista.