Amalur ARTOLA
DONOSTIA

FMA Trio, Hammond organoak laukote bihurtu duen hirukoa

Euren musika jardunak proiektu ezberdinetan topo egitera eraman baditu ere, lehen aldiz batzen ditu formazio berak Fredi Pelaez, Mikel Romero eta Ander Hurtado de Saratxo. FMA Trio izatera pasatzen direnean «magia» sortzen dela ziurtatu dute.

Hammond organoaren doinuak egiten du berezi FMA Trio. Sigla horien atzean Fredi Pelaez (Hammond organoa), Mikel Romero (gitarra) eta Ander Hurtado de Saratxo (bateria), jazzaren munduan ibilbide luzea duten hiru musikari daude eta, formazioaren izen bera hartu duen lehen diskoan, jazz paisaia zabaldu eta boogaloo, hard bop, groove zein jazz funk erritmoak bateratu dituzte. «Hammond hirukote bat gara, klasikoa formazioan», azaldu zuen Romerok diskoaren aurkezpenean, baina organoak ohiko jazz formazioetan kontrabaxuak eta pianoak betetzen duten papera egiten duenez, euren taldea «hiru musikarik osatutako laukotea» dela ziurtatu zuen.

Diskoa 2014ko abuztuan grabatu zuten Pelaezek Beasainen duen Pottoko estudioan eta sonoritate klasikotik abiatu badira ere musika «modernoagoa» egiten ahalegindu direla azaldu zuen, hori baita, hirukoak ziurtatu zuenez, une horretan «barruak» eskatu diena. Romerok azaldu zuenez, Pelaez eta biek hamabost urte inguru daramatzate proiektu ezberdinetan (batez ere jazzari lotutakoak) elkarlanean eta Hurtado de Saratxorekin oso bestelako formazioetan aritu da, Korrontzi eta Urgabe horien artean. «Proiektu honetarako musikari aproposa iruditu zitzaigun eta, egia esan, oso kimika polita sortu da hiruren artean», ziurtatu zuen.

«Proposamen hau oso barnekoa da –gaineratu zuen Pelaezek–; momentu honetan musika nola sentitzen dugun adierazteko modu bat da eta, nire kasu pertsonalean, hainbat proiektu ezberdinetan murgilduta egonda ere, bereziki bete nauen proiektua da». Hirukotea batzean, Romerok aipatzen zuen kimika hori badagoela azpimarratu zuen: «Mikelekin beste proiektu batzuetan aritua naiz, eta oraingo honetan magia sortzen da».

Oraindik kontzertuetarako datarik ez badute ere, diskoa zuzenean aurkezteko «gogo biziz» daudela ziurtatu zuten. «Baina formatu txikian aritu nahi dugu, ez dugu geure burua txosnagune batean edo jaialdi handi batean ikusten, ezta Jazzaldiko agertoki berdean ere; musikaren magia formatu txikietan sortzen da».