Hain gertu eta hain urrun
Bengoetxea Altunaren aurka duen trantzean izana da bi aldiz azken urtean, eta bietan irauli du egoera.

Mikel Urrutikoetxeak kenduta – Zaratamokoa dagoeneko sailkatuta dago–, Lau eta Erdiko finalerdietako ligaxkan diren gainerako sei pilotariek nahi lukete oraintxe Jokin Altunaren azalean egon, berak baitu hurrengo kanporaketarako biderik motzena. Hurrengo partida irabazi gabe, nahikoa du Oinatz Bengoetxearen aurka igandean, berriz ere Donostian, 13 tanto egitea sailkapena lortzeko, baina muga horrekin jokatu beharra ez da beti erraza izaten.
Eta hori inork baino hobeto daki lehia erabakigarri horretan amezketarrak arerio izango duen Oinatz Bengoetxeak. Bi aldeetan egon da leitzarra Altuna III.a gaur egun dagoen egoera horretan azken lau urteetan, eta hobe joan zaizkio gauzak partida irabaztearekin nahikoa ez zuen horietan. 2011ko Binakakoan, Bengoetxea VI.ak eta Jon Ander Albisuk – Patxi Ruizen ordez aritu zen ataundarra– nahikoak zituzten 10 tanto Xala eta Barriolaren aurka finalerdietan sartzeko, baina Astelenan jokatutako partidan 8 tanto baino ez zituzten egin eta kanpoan geratu ziren.
Askoz hurbilagokoak dira beste bi aurrekariak. Iazko kaiolakoan, Mikel Olaetxea Altunarenaren oso antzerako egoera batean heldu zen ligaxkako azken partidara. Aimar Olaizolari Donostian irabazi ostean, nahikoak zituen Bengoetxearen aurka 16 tanto finalerdietan egoteko, baina 9 baino ez zituen egin Lizartzakoak eta leitzarra pasatu zen hurrengo kanporaketara.
Aurtengo Binakakoaren azken jardunaldian ere, irabaztearekin ere ez zuten aski Oinatz Bengoetxeak eta Untoriak. Irujo eta Barriola finalerdietan izango ziren Irunen jokatutako partidan 17 tanto egiten zituzten unean, baina Asegarceko aurrelariak sekulako erakustaldia eman zuen eta 11n geratu ziren Aspekoak.
Oraingo honetan, Bengoetxeak 13 tantoz azpitik utzi beharra dauka Altuna III.a, eta igandean Atanon ikusitakoaren ondoren ez dirudi erraza, baina aurrekoetan ere ia ezinezkoak ziruditen.
Elizondo, Iruñea eta Tolosa
Multzoko beste partidak, Olaizola II.ak eta Artolak jokatu beharrekoak, eraginik izan zezakeen kontu hauetan guztietan, baina erabakia asko luzatu ostean, goizuetarraren eta alegiarraren arteko lehia astelehenean jokatuko da Tolosako Beotibarren.
Beste multzoan, Irujo-Retegi erabakigarria Labriten jokatuko da larunbatean eta balio gutxiko Urrutikoetxea eta Xalaren artekoa, ostiralean Elizondon.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
