MILAKA BISITARI DITUEN PLAZAN, POLTSA TXIKIAK JAI GIROAN IBILI AHAL IZATEKO
EHUN MILA BISITARIEN MUGARRIA GAINDITU ZUEN ATZO GERNIKAK, EGURALDIAREN LAGUNTZAREKIN. AZKEN URTEOTAKO TRADIZIOA ERE BETE ZEN ATZO, JAI GIROAN IBILTZEA BIHURTU BAITA HELBURU NAGUSIA, ETA ATZETIK EROSKETA TXIKI BATZUK EGITEA. «EZIN DUGU PISU HANDIRIK HARTU, GERO POLTSEKIN IBILI BEHAR DUGU-ETA», SARRITAN ENTZUNDAKO ESALDIA.

Dendarien artean aspalditik ezaguna den esaera baten arabera, «kale bustiekin, kajoiak [dirua gordetzen dutenak] siku egoten ohi dira». Urriko azken asteleheneko azokara aplikatuta, emaitza berbera da, baina alderantzizkoa egoera. Osagai nagusiekin: tradizioa, eguraldi ona, kalitateko produktuak eta parranda egiteko aukera bikaina, jendetza bildu zen kaleetan ohiko eskaintzaren inguruan.
Udalaren kalkuluen arabera, 110.000 bisitari izan ziren atzo. Salmentak, hala ere, ez ziren kopuru horren mailakoak izan. Orokorrean, saltzaileak pozik agertu ziren edo ez oso ezkor. «Garai txarragoak bizi izan ditugu», baten batek esan zuenez. Plaza hau gertutik ezagutzen duenak argi dauka azoka bera protagonista izanik, Gernikara bertaratzen den oro ez doala soilik erosketak egitera. Kontxi izeneko erosle fidel batek zioenez, «kapritxozko gauza batzuk erosten dituzu, zeozer hartu eta etxera, baina ezin duzu pisu handiegirik hartu».
Indabek, intxaurrek, arto irinak, gaztak eta tomateek salmentetako protagonista nagusiak izaten jarraitzen dute. Pisu handia irabazi dute fruten kontserbek, marmeladak, fruta zukuak... eta gari-belar txupito berde-berdea, 2 euroan.
Artisauen saltokien artean, Felix Larrañaga egur zizelkari berriztarra enkargu bat hartzen aurkitu genuen. Azaldu zuenez, Gernika erakusleiho itzela da bere lanarentzat. Ikusgai zuen pieza eder baten aurrean, kontatu zuen hormako erlojuek arrakasta handia dutela azken boladan, eta jende asko zaharrak berriztatzen ari dela.
Bestelako produktuek ere beren tokitxoa egin dute. Ekanatur-eko bertoko olioaren kasua da hori. Gillermo Alonso Perea ekoizleak nabarmendu zuenez, Gernikakoa oso plaza ona da zure produktua ezagutzera emateko. Lau urte daramatza eta dioenez «guztietan oso ondo, euria egin zuen urtea kenduta».
Urriko azken astelehenean beste jende askok egiten du lan baserritarren ondoan. Pasealekuan, herriko saskibaloi taldekoek azaldu zutenez, 50 lagun baino gehiago aritzen dira muntaketan, barran, garbiketan... Pintxoak, sagardoa eta txakolina gehien saltzen zutena. Ondoan, AEK-ko txosnan, Ruben del Cura irakasleak bertan lanean 35 lagun ibiliko zirela kalkulatu zuen, Foruko barnetegiko ikasleak barne. Gernikako azoka mintzapraktikarako plaza ezaguna izanik, zehaztu zuen helburua ez dela bakarrik euskaraz hitz egitea, baita kulturan, tradizioan murgiltzea ere. Ondoan, Irale-ko talde batek juntetxea bisitatu ondoren, azokako giroan murgiltzeko asmoa zuen.
Festazaleentzat Gernika tradizio handiko plaza da. Txapel bat erosi bitartean, Natalia, Estibaliz eta Eguzkiñe usansolotarrek esan ziguten kuadrillan ohitura dutela aspalditik. Haurrak eskolan utzita Gernikarako trena hartu zuten, eta eskola ordutegiekin batera, haurrak hartzeko bueltan egon behar ziren.
Ezagunak saridunen artean
Saridunei erreparatuta, Zallako Abeitxa-Txakoli Txabarrik, Fikako Uriartek eta Urduñako Filoxera-Maisukoek eraman zituzten txakolinen hiru sariak. Barazkietan, Adela Andikoetxeta ezagunak eskuratu zuen lehenengoa, Gatikako Itxiar Etxebarriak fruten atalekoa, eta Javier Larrinaga kortezubitarrak eta Valentin Llona zornotzarrak txilar eztiari eta milalore eztiaren sariak. Gernikako Mari Carmen Alzibar gernikarrak, loreena.
Patalago joan zen gazta enkantea. Elgoibarko Mauxitxa gazta irabazlearen erdia Mendata Berria jatetxeak eraman zuen 3.700 euroan, kostata, iaz 7.500era heldu ostean. Bigarren sariduna, Mutrikuko Goienetxekoa, 400 euroan eskuratu zuen Xaibor Fisko Festak. Enkante hotzak izan zuen pasadizo xelebrea, eskuetatik irristatu eta hegan irten baitzen gazta irabazlearen erdia.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
