G. M. ZUBIARRAIN
baiona

Aitortza Baionari, herritarrak garapen jasangarrian inplikarazteagatik

Segolene Royal buru duen Ekologia, Garapen Jasangarri eta Energia Ministerioak COP 21 zigilua eman dio Lapurdiko hiriari, “Baiona energia eta ekologia trantsizio garaian” foruma antolatzeagatik, eta zehazki bertan hiriko eragileak eta elkarteak inplikatzeagatik.

Klimaz Parisen egingo den estatuburuen gailurra eta haren erronkak jendarteratzen laguntzen duten ekimenak sustatzen ditu Ministerioaren zigiluak.

Urriaren 3an ehun bat partaide bildu zituen topaketak. Uzta «emankorra» izan dela esan zuten atzo prentsaren aurrean Jean-Rene Etchegaray alkateak eta Martine Bisauta garapen iraunkorrerako zinegotziak, «proposamen ugari» atera direlako. Herri eragileen esku hartzerik gabe «hankamotz» ikusten dituzte politika publikoak. Gainera, klima aldaketari aurre egiteko herri mailako neurriak «giltzarri» direla sinetsita daude Baionako agintariak. Horregatik, bigarren ekintza plan bat taxutuko dute han jasotakoekin.

Hiri jasangarrien Europako sareko kide direla gogoratu ostean, lehen ekintza plana izan zuen hizpide Bisautak. Esan zuenez, helburuen %78 bete dituzte, eta gainerakoak ez dira bete «eskuduntzetatik at» zeudelako edo eragile askoren lankidetza eskatzen zutenez aldi horretan gauzatzeko «konplexuegiak» zirelako.

Eskola jantokientzat hornitze zirkuitu laburra, kontsumo baxuko argiteria, jaietako edalontzi gogorrak, Seque ekoauzoa eraikitzea edo Alde Zaharra «biharko ekoauzo» bihurtzeko Links proiektua dira dinamika honen ondorio. Hornitzaileei energia berdea eskatzen ere hasiko dira urtarriletik aurrera.