Euskaldunak batuko dituen ereserki berriaren bila
«Xentimorik gabe» eta «Koka Kola eta barea»-ren ostean, inoizko zeregin garrantzitsuena jasoko dute Ray eta Nik-ek «Putinen guardasola» antzezlanean: Euskal Ereserkia konposatzeko eskaera egin die lehendakariak. Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak antzeztuko duten obra larunbat honetan estreinatuko da, Donostiako Gazteszenan.

Bi hamarkada mundua zeharkatzen eman ostean, Amerika, Italia edo Estatu frantsesean ezagututako musikak besapean zituztela itzuli ziren Euskal Herrira Nik eta Ray “Xentimorik gabe” obran. Gero, etxera begira jarri eta Ez Dok Amairuren sorreran bizi izan zituztenak kontatu zizkiguten “Koka Kola eta barea” antzezlanean. Eta, orain, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak gorpuzten dituzten pertsonaiek inoizko zeregin garrantzitsuena izango dute esku artean: Euskal Ereserki Berria sortzea. «Guretzat zeregin hau oso inportantea da; guretzat, eta Euskal Herri guztiarentzat», ziurtatu zuen, bere pertsonaiaren paperean sartuta, Agirrek. Hala, euren musika tresnak hartu eta “Zornotzako su-hiltzaileen himnoa” edota “Ezpeletako piperren martxa”–ren sortzaileek munduan barnako bidaiari ekingo diote, euskaldunak batuko dituen ereserkia osatu asmoz.
Prentsaren aurrean eskainitako aurkezpen antzeztuan, obraren zuzendari Asier Sotak bidaia horretan Nik eta Rayk Burundi, Tirol, Mexiko edota apatxeen erreserbetara bidaiatuko dutela zehaztu zuen eta, tartean haserrerik ere egongo dela aurreratzeaz batera, pertsonaiek barne bidaia bat ere abiatuko dutela argitu zuen. «Beraiekin fisikoki bidaiatuko dugu, baina barne bidaia bat, bidaia psikologikoa ere egongo da. Batzuetan, ez dakigu ondo onddo magikoak jan ote dituzten...», zehaztu zuen Sotak, antzezlanaren komikotasunari erreferentzia eginez.
«Garai batean, zientzialari eta antropologoak mundua ezagutzera joaten ziren, jasotzen zutena dokumentatzen zuten eta jendeari erakusten zioten. Nikek eta Rayk lan hori egingo dute, munduan zehar ibili eta kultura eta ohitura ezberdinakdokumentatuko dituzte», azaldu zuen Sotak. Gero, jakintza hori guztia bateratu eta Euskal Ereserki Berria osatzeari ekingo diote.
«Metodo mistoa»
Bidaia horretan zehar bi pertsonaiek ereserkia osatzeko metodo berria osatu beharko dutela ondorioztatuko dute eta hala sortuko da “metodo mistoa” izendatuko dutena. Metodo «inportante» horren berri Donostiako Gazteszenan larunbat honetan emango dutela zehaztu eta ezer gutxi aurrera dezakeela azaldu zuen Agirrek, baina, izatekotan, metodo baino «bizi filosofia» bat dela ziurtatu zuen.
Obraren izenburuaz ere, “Putinen guardasola”, ezer gutxi argitu zezakeela adierazi zuen, «hori argituko bagenu antzezlanaren tripak ateratzen ariko ginatekeelako», baina, aurrekoetan bezala, antzezlanean hitzek eta musikak, biek tankerako presentzia dutela ziurtatu zuen Sotak. «Batez ere, hitza erabiltzen da, baina kantuak ere tarte handia hartzen du. Kantutik kontura eta kontutik kantura ibiliko gara», ziurtatu zuen.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
