GARA
VIENA

Iranek esku hartuko du siriarrik gabeko Siriari buruzko potentzien arteko bileran

Iran, Egipto, Irak eta Libanoko gobernuek baieztatu dute dagoeneko Viena Austriako hiriburuan bihartik aurrera egingo diren bake elkarrizketetan esku hartuko dutela. AEBak eta Errusia ere bertan izango dira.

Ostiralean hastekoak dira Siriaren etorkizuna taxutzeko deitutako bilerak, baina gaur bertan hitzordu garrantzitsua dute Errusiako, AEBetako, Saudi Arabiako eta Turkiako Atzerri ministroek, arratsaldeko zazpietatik aurrera, errusiar diplomazialari baten esanetan.

Marzieh Afkham Irango Atzerri Ministerioko eledunak baieztatu du Vienako bileretan esku hartzeko gonbidapena jaso dutela, eta Mohamad Javad Zarif ministroa joango dela.

«Iranek esku hartzeko gonbidapena jasotzea espero dugu», esan zuen asteartean John Kirby AEBetako Estatu departamentuko eledunak, ordura arteko posizioa aldatuz. Gaurtik aurrera egingo diren bilerak aurreko astean estatubatuarrek, errusiarrek, turkiarrek eta saudiarabiarrek egin zituzten bileren jarraipena izango dira.

Errusiak defenditu izan du Iranek esku hartu behar duela Vienako bileretan, Siriako egoeran eragina duten alde guztiek bertan egon behar dutelakoan, baina Hisham Marwa Siriar Koalizio Nazionaleko (oposizio politikoaren bloke nagusia) eledunak Al Arabiya telebista kateari esan dio Teherango ordezkariak Vienan izateak elkarrizketak oztopatu egingo dituela, «Al Assadi agintean eusteko proiekturen bat aurkeztuko dutelako».

John Brennan AEBetako CIA inteligentzia zerbitzuko zuzendariak asteartean adierazi zuenez, berak uste du Errusiak Al-Assad agintetik kanpo nahi duela Siriako egoera bere onera ekarri ahal izateko: «Errusiarrek ulertzen dute Siriako gatazkak ez duela irtenbide militarrik eta hori lortu behar dela prozesu politiko baten bitartez. Kontua da ea noiz eta nola lortuko duten Bashar al-Assad agertokitik kanpo geratzea. Paradoxikoki, pentsatu zuten Assad indartu egin beharko zutela, agintetik kendu baino lehen».