Maitasuna, bere alderik desberdinenetan
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «Nor gara?» bildumako lau ipuin berri argitaratu berri dituzte. Kasu honetan maitasuna izango dute ardatz Uxue Alberdik idatzitako testuetan, maitasuna bere askotariko esanahietan. Beste bi irakurgai ere kalean dira.

Beren burua aurkeztu zuten lehenengo, gero gorputz hezkuntza izan zuten ardatz, sentimenduetan ere arakatu zuten, eta oraingoan maitasunari egin diote keinu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek “Nor gara?” bilduman aurkeztu dituzten lau liburuxka berrietan (Elkar). Aurrekoetan bezala, Uxue Alberdi bertsolari elgoibartarra izan da testuen egilea eta Julen Tokero, irudigilea. “Pirritx maiteminduta”, “Porrotx lagunartean”, “Marimotots bakarrik” eta “Pupu eta Lore jeloskor” dute izenburu lau lan berriek. «Batzuetan maitasuna gai korapilatsua da helduentzat, baina haurrentzat modu errazean egiten saiatu gara», esan zuen Antxiñe Mendizabal editoreak.
Pirritxen kasuan, pailazo pinpirina hezurretaraino maiteminduko da jarraitzaileentzat aski ezaguna den pertsonaia batekin. Tiritatxorekin bihotzak bor-bor egingo dio, Pupu eta Lore bikiak mediku kontsultara eramatearen poderioz sortutako harremanaren ondotik piztutako sentimenduekin.
Porrotx, aldiz, lagunartean agertuko da. «Porrotxek lagunartean bizitzeko beharra du –esan zuen Joxe Mari Agirretxek–, jendez inguratuta egon behar du beti, bakarrik geratzen denean gaizki sentitzen baita».
Marimotots, askatasunaren maitalea da, zuhaitzera igo eta bertan bizitzea atsegin du. Kasu horretan, bere erabakia bakarrik bizitzea izango da. Baina izango al da gai bakarrik egoteko? Hausnarketa prozesua izango du gai horri helduta Lagun txakurrarekin.
Pupu eta Lore jeloskortuta agertuko dira, maite dituztenak partekatzea ariketa zaila izango baita beraientzat.
Oholtzatik paperera
«Bertsolariak gai dira hamar lerrotan filosofia tratatu bat egiteko eta, gainera, errimekin», gaineratu zuen Agirretxek. Eta haiengan oinarritu dira pailazook lau liburuxka horiekin batera kaleratu dituzten irakurgaietan. Jon Maia eta Miren Amuriza izan dituzte bidelagun argitalpen horietan. Lehenengoak “Txo, Mikmak Txikia” idatzi du eta, bigarrenak, “Patata! Patata!”. «Oholtzaratu ditugun gaiak ipuinetara pasatzea da lan horien helburua. Irakurzaletasuna bultzatzea eta, horrez gain, ikastetxe eta etxeetan, rolak banatuz eta antzerki bidez, gaurkotasunezkoak diren gaiak mahai gainean jartzea», nabarmendu zuen pailazoak.
Amurizak “Patata! Patata!” ikuskizuna hartu du oinarri irakurgaia osatzeko, «Euskal Herrian dauden ume askoren istorioa izan daitekeena», aipatu zuen. Saharatik Euskal Herrira etorritako Tider haurra izango da protagonista nagusia. Guztia berria izango da berarentzat oraindik ezagutzen ez duen lurralde eta bizimoduan eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egingo du topo bere egonaldian. Alde bietako ikasketa prozesua abiaraziko dute lagun guztiek. Bitarte horretan, Txilipito aguazila zelatatzen izango du gazte sahararrak, lurraldetik kanporatzen saiatuko baita. «Da Txilipito, baina izan zitekeen Maroto», gaineratu zuen Porrotxek brometan.
Jon Maiak, bere aldetik, Albaolari oso lotuta dagoen proiektu didaktikoa eraman du paperera, Txo Mikmak txikiarena, hain zuzen. «Euskal arrantzaleak Ternuara joan zirenean, bertako zibilizazioekin egin zuten topo. Eta euskaldunok iraun dugun bezala, mikmak herriak ere bizirik dirau», esan zuen zumaiarrak. Kasu horretan, Txoren bisita jasoko dute hiru pailazoek, bere historia ezagutaraziko dien haurra eta erakutsiko diena nola egurrezko mundu bat egitea posible den. «Mehatxurik handiena Plastikerren plastikozko laino beltz hori izango da», nabarmendu zuen.
Txoren kontakizuna da, hain zuzen, euskal pailazook berriki taularatu duten ikuskizuna, Albaolan egiten ari diren San Joan baleontziari erabat lotutakoa. «Guk egurra, zuhaitzak, erabiltzen ditugu itsasontzia egiteko eta gure arbasoen jakinduria berreskuratu nahi izan dugu. Zentzu horretan, transmisio lan itzela egin da belaunaldi berriekin lan horren bitartez», ohartarazi zuen.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
